Olatz Peon Ormazabal: “Eskerrik asko tolosar guztiei azaldutako babesagatik”

Hauteskundeak irabazi ostean, Tolosa hobe baten aldea lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute jeltzaleek, proiektu berriekin herritarren ongizatea hobetzeko, enplegu aukera berriak sortzeko eta kultura eta euskararen erabilera indartzeko helburuarekin. Olatz: “Erantzukizunez eta umiltasunez heltzen diogu berriz ere gobernatzeko ardurari, orain arte bezala, guztientzat egingo dugu lan, Tolosaren aniztasuna kontutan hartuz eta gertutasunetik lan eginez”
Olatz Peon Ormazabal: “Eskerrik asko tolosar guztiei azaldutako babesagatik”
27 Maiatza | Tolosa

Atzoko hauteskundeen ondoren, gaur, Tolosako EA-PNVk balorazioa egin du eta  tolosarrei eskerrak eman dizkiete azaldutako babesagatik. Alkategai jeltzaleak, eta atzoko hauteskundeetan garaile izandakoak, Olatz Peon Ormazabalek adierazi du: “pozik gaude lortutako emaitzekin eta pozik baita ere, herritarren gehiengoak lau urte hauetan egindako lana babestu duelako, guztira, 4464 tolosarrek egin dute gure proiektuaren eta Alderdiaren aldeko hautua eta asko dira beraz, gure lana babestu dutenak;  baina egia da, EH Bilduren eta EAJ-PNVren artean 215 botoko aldea izan dela,  eta hori ere kontuan izatekoa da eta beraz, EH Bilduko eta PSEko ordezkariei ere zoriondu nahi nieke lortu dituzten emaitzengatik” esan du Olatz Peonek.

“Atzoko Tolosako udal hauteskundeetako emaitzek bistako egiten dute Tolosa anitza dela, duela 4 urte baino anitzagoa eta beraz, legealdi honetan ere, tolosar guztientzat lan egiteko konpromisoa hartzen dugu” gaineratu du Olatz Peonek. “Alderdirik bozkatuena izan gara eta beraz, orain guri dagokigu gainerako alderdiekin harremanetan jartzea adostasunak lortzeko; mahai gainean jarriko ditugu gure programak, amankomunean ditugun proiektu eta egitasmoak identifikatu eta hortik hasiko gara lanean, akordioak lortu eta gobernua eratzeko” aitortu du.

“Kanpaina egunetan ikusi ahal izan dugu oposizioko talde guztiek babestu dituztela legealdi honetan, 2015-2019an, landu ditugun hainbat proiektu eta beren programetan ere jaso dituzte, beraz, espero dugu legealdi honetan horiek elkarlanean garatu eta guztien babesarekin aurrera eraman ahal izatea: Zumardi Txiki, Rondilla, Emakumeen Etxea… adibide batzuk besterik ez dira” gogorarazi du jeltzaleak. 

“Erantzukizun eta umiltasunez heltzen diogu berriz ere gobernatzeko ardurari eta beste behin orainari erantzunez, baina etorkizunaz ahaztu gabe lan egingo dugu; gertutasunetik eta tolosarrekin elkarlanean jardungo dugutolosarren ongizatea hobetzea helburu hartuta; horretarako proiektu berriak garatuko ditugu ongizateari, enpleguari, euskarari, kulturari eta berdintasunari lotuta, besteak beste, eta gure politika eta erabaki guztien erdigunean tolosarrak kokatuko ditugu, pertsonak ditugulako ardatz eta helburu” azpimarratu du. 

Azkenik, jeltzaleek hitz eman dute tokiko eragileekin elkarlan estuan jarraituko dutela, baita herritarrekin ere, “eta espero dugu gainerako udal korporazio berria osatuko duten alderdi politiko zein zinegotziekin ere batera lan egiteko aukera izatea, gure ustez, onuragarria izango delako Tolosarentzat eta tolosarrentzat;  ekindako bideari jarraipena emango diogu, proiektu berriak ere martxan jarriz,  Tolosak aurrera egiten jarraitu dezan” adierazi du Peonek. 

PARTEKATU