Herritarrengandik gertu eta herritarren zerbitzura

Horixe izango da Pasiako EAJ-PNVren udal gobernuaren lan ereduaren oinarri nagusia: gertutasuna eta entzute aktiboa. Halaber, komunikazio eta informazio bide berriak garatzeko konpromisoa ere hartu dute jeltzaleek.
Herritarrengandik gertu eta herritarren zerbitzura
22 Maiatza | PASAIA

EAJ-PNVk betidanik oinarritu du bere lana Gobernu Onean, hau da, gertutasunean, gardentasunean, kudeaketa zorrotz eta eraginkorrean. “Udal baliabideak modurik eraginkor eta zorrotzenean kudeatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarrei zerbitzurik egokiena eskaini eta inbertsioak egiteko gaitasuna izan dezagun” adierazi du Oterminek.

“Herritarren zerbitzura gaude eta herritarren zerbitzura lan egitera gatoz, herrigintzan sinesten dugulako, gure herriaren alde lan egin nahi dugulako, elkarrekin eta elkarlanean, Pasaia hobe bat eraiki dezakegula uste eta defendatzen dugulako” adierazi du alkategai jeltzaleak.

“Gobernantza eredu berria gure egingo dugu datorren legealdian; herritarrengandik gertu egoteko konpromisoa hartzen dugu guretzat ezinbestekoa delako herrigintzan aritzeko herritarrekin elkarlanean lan egitea, pasaitarrei entzutea, beren proposamenak jasotzea eta horretarako bide berriak martxan jarriko ditugu, garai berriek modu berriak eskatzen dituztelako” azpimarratu du alkategaiak.

Komunikazio eta informazio bide berriak:

“Lehentasuna emango diogu herritarrekiko komunikazioa areagotu eta hobetzeari, horretarako informazio eta komunikazio kanal berriak jarriko ditugu martxan eta herritarren eskura, momentu oro, gure udal jardunaren berri izan dezaten” esan du.

“Partaidetzari ere garrantzia emango diogu; prozesuak udalean barneratuak izan daitezen lan egingo dugu, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuari jarraipena emango diogu eta Haurren partaidetza ere sustatuko dugu. Herriko elkarte eta eragileekin ere elkarlanean jardungo dugu, hori ere partaidetza delako” azaldu du Oterminek.

“Lan eredu berri bat txertatu nahi dugu Udalean, gertutasunean eta eraginkortasunean oinarritutakoa, kudeaketa zorrotza eta planifikatua gauzatzeko, erabaki eta proiektu ororen erdigunean herritarra jarriz; inork orain artean ez baitu lan eredu hori oinarri hartuta lan egin, ez Bilduk ezta sozialistek ere, eta horixe da pasaitarrek behar eta eskatzen dutena” azpimarratu du Oterminek.

“Maiatzaren 26an lan eredu ezberdinen arteko aukeraketa egin beharko dute pasaitarrek”. “EH Bilduren inposaketa, inprobisazio eta urteetan erakutsi duen herri proiektu ezaren aurrean eta sozialisten ekintzailetza eta proiektu faltaren aurrean, guk Pasaiarako herri proiektu sendoa landu dugu, herritarren behar eta kezkei erantzuten diena, Gobernu Ona oinarri hartuta eta herritarrekin elkarlanean aurrera eramango duguna”. “Gu gara alternatiba bakarra, gu gara Pasaiak behar duen aukera eta aldaketa, Pasaiari behin betiko bultzada emateko” esanez amaitu du Otermin alkategaiak.

PARTEKATU