Beasaindarren ongizatea bermatzea da guretzat garrantzitsuena eta proposamen zehatzak ditugu horretarako

Horien artean aipatu ditu: bakardade egoerari aurre egiteko programak, ke detektagailuak, eguneko zentroaren ordutegia zabaltzea, Aranealde lekualdatzea edota jada martxan dauden egitasmoei jarraipena ematea: Goiz Zaindu, Beasain Lagunkoia, Ondo ibili, Ondo izan
Beasaindarren ongizatea bermatzea da guretzat garrantzitsuena  eta proposamen zehatzak ditugu horretarako
22 Maiatza | Beasain

EAJ-PNVk pertsonak kokatu ditu beti proiektu eta egitasmo guztien erdigunean. Hauteskunde programak ere pertsonak ditu ardatz eta helburu eta hortaz, beasaindarren ongizatea bermatzea da EAJ-PNVren lehentasun nagusia, baita datozen urteei begira ere.

“Proposamen zehatzak eta berriak landu ditugu herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko, baina gure gizarte politikak azaldu aurretik, programan jaso ditugun proiektu guztiak pertsonen ongizatearekin daudela lotuta nabarmendu nahi nuke, hau da, enplegua sustatzea lehentasunezkoa da guretzat herritarren ongizatean eragin zuzena duelako; kaleak irisgarriagoak eta erosoagoak egin nahi ditugu horrek herritarren bizi kalitatea hobetuko duelako” azpimarratu du.

“Orain arte bezala, gizarte politika eraginkorrak bultzatuko ditugu behar gehien duten herritarrei gure laguntza osoa eta babesa emateko. Era berean, gizarte zerbitzu eta laguntzak osatu eta indartuko ditugu behar berriei aurre hartu eta erantzuteko; esaterako, gazteen emantzipazioa errazteko programa berriak abiaraziko ditugu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean eta Udaletik alokairurako diru-laguntzak emango ditugu” azaldu du Aldasorok. Halaber, herritarrei eskainitako zerbitzu, programa eta laguntzak herritarrengana hurbiltzeko saiakerarekin jarraitzeko asmoa ere azaldu du alkategaiak. Eta legealdi honetan hasitako lanketaren haritik, San Martin baselizan gizarte zerbitzu berriak ezartzeko aukera aztertzen eta lantzen jarraituko dute Aldundiko Gizarte Politiketako Departamenduarekin.

Zahartzaro aktibo eta osasuntsua:

“Biztanleriaren zahartzea da momentuko erronkarik nagusienetarikoa; legealdi honetan jada heldu diogu gaiari eta martxan jarritako egitasmoak mantenduko ditugu: Goiz Zaindu, kirol kontsultategia, Beasain Lagunkoia, Ondo Ibili, Ondo Izan… baina proposamen berriak ere landu ditugu adineko pertsonen ongizatea hobetu eta beren zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzeko” adierazi du Aldasorok. Jarraian proposamenak zerrendatu ditu:

• Adineko pertsonak beren etxeetan duintasunez bizitzen jarraitzeko egitasmoak. 

• Bakardade egoerari aurre egiteko programak.

• Ke detektagailuak etxeetan ezartzeko laguntzak eta adineko pertsonen beharrei buruzko azterketa.

• Eguneko Zentroaren ordutegiaren zabaltzea

Berdintasuna eta bizikidetza etorkizuna eraikitzeko oinarria:

Amaitzeko, errespetuan oinarritutako Beasain eraikitzeko bidean, berdintasunak eta bizikidetzak oinarri izan behar dutela adierazi du alkategaiak. “Elkarbizitzaren eta berdintasunaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Beasain parekideagoa eraikitzen jarraitzeko legealdi honetan abiarazitako Herrilab proiektuari jarraipena emango diogu, proiektu honen bitartez, gizarte eragile, eragile ekonomiko zein norbanakoengan eragiteko aukera dugulako eta berdintasuna urratsez urrats eta esparru guztietan eraginez bermatu behar dugulako” adierazi du Aldasorok. Halaber, memoria historikoa berreskuratzen jarraitzeko asmoa ere azaldu du alkategaiak, iragana ahaztu gabe etorkizuna eraikitzeko. Beasainera etorri berri diren pertsonak herritartzeko informazio kanpainak gauzatuko dituztela ere esan du, hala nola, euskara ikasteko dituzten aukeren berri emateko. 

“Etorkizunari heltzeko eta pertsonen ongizatea bermatzeko proiektua garatu dugu, esan bezala, Beasaindarra erdigunean kokatuz; argi dugu helmuga, argi dugu zer egin nahi dugun eta nola, orain, herritarren txanda da.  Lau urte hauetako kudeaketa baloratu beharko dute eta etorkizunean zer nahi duten erabaki. Guk aukera berriak eskaini eta herritarren bizi kalitatea bermatuko duen Beasain bizi, atsegin eta irisgarria eraikitzen jarraitu nahi dugu” esanez amaitu du Aitor Aldasoro alkategai jeltzaleak. 

PARTEKATU