EAJ-PNVk Gipuzkoa animatu du EAJ-PNVren jatorrizko proiektuaren edo Ezker Abertzalea bihurtu den kopia txarraren artean aukeratzera

Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu, Eneko Goia, Markel Olano eta Eider Mendozak Donostian eskatu dute EAJ-PNVren aldeko botoa, hiria eta Herrialdea itzul ez daitezen EH Bilduren legealdian nagusi izan ziren “agintekeria eta inposaketa girora”
22 Maiatza | Gipuzkoa

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Gipuzkoak aukeratu behar du: EAJ-PNVren jatorrizko proiektua eta alderdi jeltzaleak bermatzen dituen segurtasuna, kudeaketa, konfiantza eta egonkortasuna edo Ezker Abertzalea hauteskunde kanpaina honetan bihurtu den kopia txarra. Hori da Gipuzkoako emakume eta gizonek datorren igandean erabaki behar dutena: etorkizunerantz aurrera egiten jarraitzea edo EH Bilduren legealdiko iragan ilunera itzultzea. Horixe izan da gaur arratsaldean Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Donostiako alkate eta hautagai Eneko Goiak, Gipuzkoako diputatu nagusi eta EAJ-PNVren hautagai Markel Olanok eta Batzar Nagusietako presidente andre eta Bidasoa-Oiartzungo zerrendaburu Eider Mendozak EAJ-PNVk Donostiako Easo enparantzan egin duen ekitaldi politikoan. “Gipuzkoa ez dago EH Bilduk ordezkatzen duen iragan ilunera itzultzeko arriskutik libre”, eta Gipuzkoako herritarrak deitu ditu igandean bozkatzera. “Inor ez dadila anestesiatuta geratu inkestek eta aurreikuspenek utzi dizkiguten emaitza onekin. Benetako arriskua egon badago, iraganera itzultzekoa, iragan okerrera itzultzekoa. Eta demokrazian arrisku horiei aurre egiteko modurik onena da bozkatzea”, ohartarazi dute.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur salatu du “betiko Ezker Abertzaleak” gaur egun EH Bildu izenarekin hauteskunde garaian disimulurik gabe eta EAJ-PNVren antza hartzeko helburu bakarrarekin egin duen “metamorfosia”, talde jeltzaleak jasotzen duen babesaren parte bat erakartzera begira. Ez du halakorik lortuko “Gipuzkoako gizartea ez delako inozoa. Duela gutxi eman zitzaien Herrialdea gobernatzeko aukera eta erakutsi zuten ez zeudela behar bezala prestatuta. Berena agintekeria eta inposaketa dela. Desgobernua. Eta lau urteren buruan, gipuzkoarrek, gehiengo handi batez, boteretik kentzea erabaki zuten”. Era berean ohartarazi du Ezker Abertzaleak hauteskunde garaian egin duen “metamorfosiaren” kontra, formetan- “kartelen kolore korporatiboa aldatu dute: orain berdea da eta markaren ikurrak EAJren kanpainak identifikatzen dituen ikurraren itxura hartzen du”– zein edukian –“orain ematen du Gernikako Estatutua eta Ekonomia Ituna beraiek ekarri zutela, eta orain ari dira berrindustrializazioa bultzatu beharraz edo garraio publikorako txartel bakarra ezarri beharraz. Falta zaigun gauza bakarra da garraio publiko horretan Abiadura Handiko Trena ere sartzea. Baina, kontuz! Denbora eman eta egingo dute”-. Eta adibide argi bezain sendoa eman du EH Bilduk “moderaziorako egin duen biraketa bizkorrarekin” egin dituen kontraesanetako bat azaltzeko. “Iragan astean Gasteizen aurkeztu zuten ingurumen alorrean planteatzen duten `Zero Karbono´ proposamena , Kopenhage hiriko eredua oinarritzat hartzen duena. Ulrik Kohl zinegotzi ohia ekarri zuten, arkitekto ekologista izateaz gain, Kopenhageko zabor enpresaren Administrazio Kontseiluko kidea dena. Planteatu zuten ereduaren oinarria da hondakinak tratatzea argindarra eta berogailuak elikatzeko, eta arrakastatsua izan dadin proposazen dute beren hirian bigarren erraustegia eraikitzea. Bai, ondo entzun duzue: ez bat, baizik eta bi erraustegi Kopenhagen. Ez da broma. Hori aurkeztu du EH Bilduk hemen, Gasteizen, Kanpaina honetan. Gipuzkoan mobilizazioekin, kutsaduraren eta gaixotasunen diskurtsoarekin jarraitzen duten bitartean, Gasteiza ekarri dute erraustegia klima aldaketaren kontrako borrokarako ona dela esaten duen aditu bat. Lotsabakoa izan behar da, gero! . Lotsa zero, hori bai. Gero Otegik esango du iraintzen ditugula. Eurek bai iraintzen dituztela hautesleak, inozotzat hartzen dituztelako”, esan du jeltzaleen buruak.

Iñigo Urkullu lehendakariak ekitaldi berean nabarmendu du igandean hiritarroi dagokigula Donostia, Gipuzkoa, Euskadi eta Europa indartzea. “Indartu egiten gaitu Euskal Agenda helburu duen botoak. Aukera da Euskal Agenda edo Espainiako Agenda. Edo, agendarik ez izatea”. Lehendakariarentzat, Espainiako agendak gatazka, ezegonkortasuna, inkomunikazioa eta arazoak besterik ekarri ez dituelako. “Agenda propioa behar dugu, konponbidez betetako agenda. Indartu egiten gaitu Euzko Alderdi Jeltzalearen agenda berdea `egonkortasuna, proposamenak, konponbideak´ eskaintzen dituena”. Urkulluren esanetan, Euskadi indartzen du elkarrizketan, akordioan eta lankidetzan oinarritutako botoa. “ Indartu egiten gaitu Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko boto berdea `Elkarrizketa, Akordioa eta Lankidetza´ eskaintzen dituena”.

Diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, Gipuzkoak “determinazioz aurrera egiten jarraitzeko” aukera daukala azpimarratu du, gisa horretan gizarte “aurreratu eta kohesionatu” gisa sendotzen jarraitzeko. Horregatik dira “hain garrantzitsuak” igandeko hauteskundeak: “Asko daukagu jokoan, bi ereduren arteko hautua egingo dugu gipuzkoarrok: EAJren eredu partekatua, Gipuzkoaren aurrerabidea eta etorkizunaren aldekoa, ala iraganera itzultzea ezker abertzalearen eskutik”, alderatu du Olanok. Egungo diputatuak herritarrei proiektu “sendoa, argia, eraginkorra eta etorkizunez betea” eskaini die, Gipuzkoa indartzen jarraitzeko “gizarte osoarekin elkarlanean, etorkizuneko ekonomia-sektoreak bultzatuz, enplegu gehiago eta hobea sortuz, eta desberdinkeria murrizten segituz”. Olanok gogorarazi duenez, EAJ-PNVren ereduaren ezaugarriak dira “kudeaketa eraginkorra, egonkortasuna, akordioak eta gertutasuna”, eta horiek dira lurraldeak bere “geroa egunero-egunero irabazten” jarraitzeko bermerik onena. Halaxe erakusten du, bere ustez, Gipuzkoak legealdi honetan izan duen “norabide aldaketa positiboa”, non ekonomia eta gizarte politikak berriro bilakatu diren “lehentasun nagusia” Gipuzkoako erakundeentzat eta lurraldearen modernizaziorako “gauzatzeke zeuden proiektuak” egia bihurtu diren.

Donostiako alkate eta EAJren alkategaiak, Eneko Goiak, lau urteotan EAJk “Donostiarekiko duen konpromisoa” agerian utzi duela esan du, “seriotasunez, zorrotz jokatuz eta hiriaren gobernugintzan konfidantza erakutsiz”. Horregatik, hiriak aurrera egiten jarrai dezan “bermerik onena EAJ-k erakunde guztien lidergoa izatea da”. “Iraganera itzuli nahi duten horien aurrean, pop politikarena urrean eta Donostiara ezer esan gabe express bisitaldiak egiten dituzten horiena urrean, guk hiri honen aldeko lana eta konpromisoa jartzen ditugu mahai gainean”, esan du. “EAJk Donostia beste liga batean jokatzera eramango du”, agindu du, eta datorren igandean “lorik ez hartu eta bozkatzeko” deia egin du.

Batzar Nagusietako presidente eta Bidasoa-Oiartzun barrutiko hautagaiak, Eider Mendozak, tentsioa azken momentura arte mantentzeko deia egin die herritarrei. Eta ezker abertzaleak duela lau urte izandako emaitza ona ekarri du gogora ideia hori indartzeko. “Ez zuten estrategia ekonomikorik izan eta hondakinen arazoa konpontzeko gaitasun eza erakutsi zuten, baina, jendea kokoteraino egon arren, guk baino batzarkide bat gutxiago lortzera ailegatu ziren”, gogorarazi du. Mendozak gipuzkoarrei eskatu die bozka ematera joateko eta EAJ-PNVrengan konfiantza izateko: “Emandako hitza betetzen dugu. Ez dugu hutsik egiten”, ziurtatu du.

PARTEKATU