Tolosa herri atsegina eta irrisgarria

Olatz Peon: “Legealdi honetan garatutako proiektuak burutu eta berriak sustatuko ditugu beharrezko azpiegiturak bermatu eta Tolosa herri atsegin eta irisgarriagoa bihurtzeko”
Tolosa herri atsegina eta irrisgarria
21 Maiatza | Berria

Tolosako EAJ-PNVk beti egin du kudeaketa onaren defentsa eta beti oinarritu du bere lan eredua kudeaketa planifikatu eta eraginkorrean, epe motz, ertain eta luzerako proiektuak garatuz. “Behin eta berriz adierazi dugu proiektu eta proposamen berririk gabeko Udal batekin egin genuela topo duela 4 urte; guk kudeaketa antolatu eta arduratsua egin dugu urteotan orainari eta etorkizunari erantzuteko, ikuspegi zabalago batetik lan eginez, Tolosako gure proiektuak ezin duelako legealdi batera soilik mugatu”, adierazi du Olatz Peon Ormazabal alkategaiak. “Horregatik, azken urteetan egindako lanari esker gure programa betetzea lortu dugu, baina etorkizunean aurrera eraman nahi ditugun proiektuen oinarriak ere landu ditugu; eta horiek  datorren legealdian gauzatuko ditugu ”, jarraitu du.

Legealdi honetan landu eta hurrengoan burutuko diren proiektuetatik, ondorengoak lehenetsi eta azaldu ditu alkategaiak:

1. Zumardi Txiki tolosarrentzat berreskuratzea:

“Legealdi honetan zehar Oria ibaia berreskuratzeari buruzko azterketa burutu dugu eta txosten honen haritik, dagoeneko badugu Zumardi Txikiren inguruko aurreproiektu bat: honek,  berdeguneak dituen aisialdi eta elkargunerako espazio atsegin gisa aurreikusten du Zumardi Txikia eta bertan tolosarrei ibaiari loturiko ekintza zein ekimenak egiteko aukera eskaintzea ere jasotzen da, baina horretarako, lehendabizi, bertako aparkalekua lekualdatu behar dugu; aukera ezberdinak ditugu esku artean eta herritarrekin elkarlanean aztertuko ditugu guztiak irtenbide adostua emateko”, azaldu du Peonek.

2. Rondilla berritzea

“Rondilla kalea Tolosako kale nagusietako bat da, bizi handiko kalea da eta jende ugari igarotzen da bertatik egunero; horregatik, datorren legealdian eraberritu egingo dugu irisgarriagoa, atseginagoa eta erosoagoa izan dadin, espaloiak zabalduz eta errepidearen maila berean jarriz”. “Eta hirigintza lan horien bitartez, merkataritza eta jarduera ekonomikoa bultzatzea ere dugu helburu Gudari edota Nafarroa etorbidean egin dugun bezalaxe”, adierazi du.

3. Azpiegitua sozio-kulturalak hobetu:

“Egungo zein etorkizuneko beharrei modu antolatuan, eta ikuspegi orokor bat izanik, erantzuteko, legealdi honetan Tolosako azpiegitura sozio-kulturalei buruzko azterketa sakona egin dugu eta orain, txosten horretan oinarrituz, pixkanaka eraikinak egokitu eta azpiegiturak berrantolatzeari ekingo diogu zerbitzuak hobetu eta berriak eskaintzeko, antzemandako behar eta lehentasunei jarraiki”, azpimarratu du. Azpiegiturei dagokienean,  EAJ-PNVk ondorengo proiektuak lehenesten ditu datozen urteei begira:

  • Udal liburutegia handitu eta berrantolatzea
  • Kultur Etxea eta Musika Eskola egokitzea
  • Musika entsegurako lokalak sortzea
  • Emakumeen Etxea eraikitzea

4. Kirol azpiegiturak berrantolatu eta handitzea  

Kirol eragileekin elkarlanean Usabalgo 3. fasea garatuko dute jeltzaleek Tolosako egungo kiroldegia handitzeko eta kalitatezko instalazioak eskaintzen jarraitzeko eta era berean, Berazubiko azpiegiturak berrantolatuko dituzte zerbitzu hobea eta kirol aukera berriak eskaintzeko.

5. Kaleen zaharberritzea

“Tolosako kaleak berritzen jarraituko dugu – Laskorain, Samaniego, San Francisco kalearen azken zatia eta Gernikako Arbolan anbulatoriorako sarbideak- oinezkoei leku gehiago eskaintzeko”. “San Esteban eta Gorriti plazaren eremuetan urratsak egiten jarraituko dugu eta azken hau auzo lasai eta kulturalki bizia izatea sustatuko dugu. Halaber, auzo-gune berriak bultzatuko ditugu bertan etxebizitza babestuak egin daitezen”.

Amaitzeko, ingurumenari eta jasangarritasunari lotuta, genero ikuspegia barne hartuta landutako Mugikortasun Planean jasotako ekimenak gauzatuko dituztela adierazi du alkategaiak. Horrez gain, jeltzaleek garraio publiko, elektriko zein hibridoaren erabilera bultzatuko dute, kotxe elektrikoen kargarako guneak sortuko dituzte eta Trantsizio Energetikoaren Plana diseinatu eta garatuko dute energia eraginkortasunaren aldeko urratsak egiten jarraitzeko: eguzki panelak edota kale argiztapenean LED argiak. Azkenik, elektromugikortasunaren gaia, gainerako erakunde guztiekin elkarlanean, lantzeko konpromisoa ere hartu dute.

PARTEKATU