Iraganera bueltatu edo etorkizunerantz egitea erabaki beharko dute lezoarrek

EAJ-PNVren alkategaiak, Jesus Mari Martiarenak, bere taldeak Udalean egindako lan ona azpimarratu du eta eskarmentua duen talde sendoa osatu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko kultur, kirol, enplegu eta ongizate alorretan aukera berriak eskaintzeko proposamen zehatzak landu dituztela adierazi du
Iraganera bueltatu edo etorkizunerantz egitea erabaki beharko dute lezoarrek
21 Maiatza | Berria

Berriz ere Lezoko alkatea izateko hautagai jeltzaleak, Jesus Mari Martiarenak, ozen eta garbi adierazi du: “Legealdi honetan zehar Lezo hobetzea lortu dugu, Lezok aurrera egin du; bizikidetzaren aldeko pausoak eman ditugu eta atzean utzi ditugu liskar, konfrontazio, paralisi, ekimen falta, inposizio eta inprobisazio urteak”.  “Azken 4 urteotan gogor egin dugu lan lezoarren behar eta eskariei erantzuna emateko; herritarren egunerokotasuna eta bizi kalitatea hobetzeko hainbat proiektu garrantzitsu abiarazi ditugu, kudeaketa eraginkorra oinarri hartuta eta horri esker, Lezok soberakina du etorkizuneko erronkei proiektu zein ekimen berriekin aurre egiteko”. “Gure herriak ekindako bideari jarraipena emango dion gobernua behar du; guk egin bezala, udal baliabideak zorrotz eta eraginkortasunez kudeatuko dituen gobernua behar du,  pertsonak helburu zein ardatz hartuko dituena, anbizioduna, iniziatiba, ideia eta proiektu berriak dituena; Lezo eta lezoarren aldeko apustua egin eta gainerako erakundeekin lan egiteko prest agertuko dena duen eta EAJ-PNV da aipatu guztia bermatu dezakeen alderdi bakarra”, azpimarratu du Jesus Mari Martiarenak. 

Alkategaiak gauzatutako proiektuak gogorarazi eta balioan jarri ditu, baina horrez gain, EAJ-PNVk datozen 4 urteetan burutuko dituenak ere azaldu ditu: 

Egindakoen artean azpimarratu ditu: herritarrenzahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzeko ekimenak – Tipi Topa, ibilbide osasuntsu eta irisgarriak, kirol orientazio zerbitzua, Aiton Bordan hobekuntzak, adineko pertsonek kirola egiteko makinak,  Bidez Bide garraio zerbitzua -, haur parkeen berritzea, Herri Eskolako jolastokiko estaldura, Altamirako biribilguneko segurtasunaren hobekuntza, herriko lehen igogailua, Donibane eta Lezo arteko bidegorria, Jauregialdeko aparkalekuen areagotzea, 5. edukiontziaren ezarpena, kultur lokal berria, Gabonetako argiteria, kultur egitarauaren eta kulturara zein festetara bideratutako aurrekontuen handitzea, kiroldegiko hobekuntzak, Gezalako aldagela berriak, kaleak txukun eta garbi mantentzeko mantenu lanak, garai berrietara egokitutako udal webgune berria eta Altamirako parte-hartze prozesua, besteak beste. 

Eta egiteke dauden proiektuen artean: industriagunea zaharberritzen jarraitzea enpresa berriak erakarri eta enplegua sortzeko; merkataritzaren inguruko azterketa egitea sektorea bultzatzeko; gazteentzako alokairua eta etxebizitza babestua sustatzea; Gizarte Zerbitzuen Mapa hobetu eta zahartzaro osasuntsua bultzatzeko ekimenak mantentzea; Arraitokin erabilera anitzeko espazioa egin eta  eraikin berria eta aparkaleku itxiak eraikitzea; Lezoko kaleetako irisgarritasuna hobetzen jarraitzea kale zein espaloiak berrituz eta igogailu berriak eraikiz; Altamirako auzoa hobetzea aparkaleku berriak sortuz, bertako jolastokia berrituz eta irisgarritasuna hobetzeko irtenbide mekanikoak ezarriz; eta kultura eta kirola indartzen jarraitzea horretarako kiroldegi-igerilekuan (ur jolasak) inbertsio berriak eginez, arte lehiaketen bitartez edota Salaberria familiak bultzatutako Arte Eskola eraikiz. Horrez gain, udaltzaingo zerbitzua gauez ere ezartzea proposatzen du EAJ-PNVk segurtasuna hobetzeko. 

 “Orain, iraganera bueltatu edo etorkizunerako bidea eraikitzen jarraitu nahi duten erabaki beharko dute lezoarrek, atzera edo aurrera egin, alegia”, adierazi du. “Horregatik, igandeko hauteskundeak bereziki garrantzitsuak dira Lezorentzat eta lezoarrentzat; lau urte  asko da eta urte horietan gure herriak hobera eta aurrera egiten jarrai dezake edo kontrakoz, berriz ere, atzera egin eta gelditasunean erori”. “Guk ekindako bideari jarraipena eman eta herritarren beharrei erantzuteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, etorkizuneko erronkei proiektu berriekin heltzeko konpromisoa; Lezo hobe bat posible dela sinesten dugu eta hori erakutsi dugu azken 4 urteetan”, amaitu du Jesus Mari Martiarena alkategaiak. 

PARTEKATU