EAJ-PNVk bere “konpromisoa” berretsi du zubibide bat eraikitzeko Bazkardoko trafikoa arintzeko

Markel Olano: “Ezinezko proposamenen aurrean, EAJk soluzio errealista aurkeztu du, 25 milioi euroko aurrekontuarekin”.
EAJ-PNVk bere “konpromisoa” berretsi du zubibide bat eraikitzeko Bazkardoko trafikoa arintzeko
20 Maiatza | Berria

Markel Olanok, EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, alderdi jeltzalearen “konpromisoa” berretsi du Bazkardoko lotunean zubibide berri bat eraikitzeko, “bertan sortzen diren trafiko pilaketak arintzeko” helburuarekin. Olanok adierazi duenez, EAJ-PNVk proposatzen duen konponbidea “errealista eta egingarria da”, izan ere, inbertsio “askoz txikiago bat” eginda, 25 milioi eurokoa, zubibideak lotunearen “funtzionalitatea eta egungo ahalmena hobetuko lituzke” autobidearen, N1-aren eta herriko sarbidearen konexioan. “Gainera, Bidegik bere osotasunean gauzatu lezake proiektua”, gehitu du diputatu nagusirako hautagaiak gaur eguerdian Andoaina egindako bisitan, zeinean lagun izan dituen Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua, Mari Jose Izagirre EAJ-PNVren Andoaingo alkategaia, eta Andoaingo zerrenda osatzen duten hautagaiak. Andoainen, zubibidea egingo litzatekeen tokira joateaz gain, paseo bat eman dute Goiko plazatik Zumearaino, Santakrutz ondoko espigoia eta Allurralde Kiroldegia ere bisitatuta. 

Olanoren hitzetan, “ezinezko konponbide eta proposamenen aurrean”, EAJ-PNVk apustu egin du alternatiba hori “egia bihurtzeko”. Eta gogorarazi du proposamen berri hau Aintzane Oiarbidek zuzentzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuak aztertu eta sustatu duela. Gainera, nabarmendu du zirkulazio transeuroparra dela-eta, bereziki zigortutako gunea izanda, “lehentasunezko jarduketa bat” dela. Hala, EAJk konpromisoa hartu du “obra lizitatu ahal izateko eta prozesua azkartzeko, beharrezkoa den eraikuntza proiektua idazteko”.

Gaur egun, hegoalderantz (Tolosa) A-15 eta N-1 errepideak lotzen dituen konexioa Andoainen, errei bakar baten bidez egiten da Bazkardoko lotunean, trazatu bihurgunetsua eta erradio murritzeko kurbak dituena. Ahalmen mugatua du diseinu honek, eta horregatik ibilgailu astun edo kamioien zirkulazioak pilaketak eragiten ditu, Atorrasagastiko tuneleraino (Urnietarako noranzkoan) helduta.

Mari Jose Izagirrek gogorarazi duenez, Urumeako autobidearen eraikuntzatik egiteko geratu zen “azken zatia osatzea”, alegia, tunel bidez Belkoain gurutzatzen zuena. Berez Sorabillatik Bazkardo arteko N-1 errepidearen saihesbidearen eraikuntza Proiektuaerredaktatzera heldu ziren bere garaian, 120 milioi euroko inbertsioa eskatzen zuena. Hala eta guztiz ere, ohartarazi dute gaur egun proiektu horren “dimentsioak eta kostuak ezinezkoak” direla eta egungo egoera ekonomikoan ez dela “egingarria”. 

A-15 errepideko Atorrasagastiko tunela igaro eta gero, eskuinetik bide berria egin daiteke alturan, Bazkardoko biribilgune gainetik igarotzeko moduko garaiera nahikoarekin eta 90º biratuz, N-1 errepidearekin paraleloan lerrokatu arte. Bozeramaile jeltzaleen azalpenen arabera, “zubibidea oinezkoen pasabidearen alturan amaituko litzateke, paraleloan jarraituz errepidearen eta Borda-berri industria-gunearen artean”. Era berean, EAJk dio aurkeztutako proposamenak ikastolako bihurgunea hobetzeko “aukera ere ematen duela”, bi errepideen bategiteak desplazatu egiten dituelako errepideok, kurba bera zabalduz.

Bestalde, jeltzaleek kritikatu egin dute EHBildu aurreko legealdian “ez zela gai izan lurraldeak zituen bide-azpiegitura nagusiak osatzeko” eta azpimarratu dute EAJ-PNV izan dela “azken 4 urteotan Gipuzkoako bide-azpiegitura sarea arrakastaz osatu duena”. Gogorarazi dute “ezker abertzaleak uko egin diela azpiegitura berriak sustatzeari”, “bere garaian Urumeako eta Nafarroako autobideen aurka agertu ziren bezala”. “Guztia edo ezer ez izan da haien lema beti, proiektu egingarrien inguruko kontsentsuak bilatu beharrean”, amaitu dute.

PARTEKATU