Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea eta EAJ-PNVren berrautaketarako hautagaiak Santutxu aukeratu du gaur auzoei buruz eta irisgarritasunaren hobekuntzari buruz hitz egiteko, izan ere, hori da datozen lau urteetan gainditu nahian dabilen erronka nagusietako bat, oraingo agintaldian jorratutako bideari jarraiki. “Auzoetan buru-belarri sartzen jarraitu nahi dugu –esan du–, batez ere irisgarritasunaren arazoak konpontzeko”.
Juan Mari Aburtok beste aurrerapauso bat eman nahi du auzoen etengabeko hobekuntzan, irisgarritasunari lotutako zailtasunak konponduz. “Hiri ederra dugu, mendien artean kokatua, eta horrexegatik konplexua eta konpondu beharreko arazoak dituena; adibidez, goiko auzoak egokitzea”.
Hautagai jeltzaleak gogoratu duenez, azken urteotan, Bilbo Hiri-Eraldaketa Orekatu eta Berritzailearen eredu bihurtu da hemen eta nazioartean. Arrakasta hori, hein batean, hiriko auzo guztien eraberritze eta birgaikuntzarekin lotuta dago. “Kasu askotan –argitu du– 60ko eta 70ko hamarkadetako hirigintzak eragindako arazoak konponduz. Ildo horretan, aipatzeko moduko hobekuntza urbanistikoen artean nabarmen ditzakegu Otxarkoaga eta Arangoitikoak, Bilbo Zaharraren eta Mirbillaren garapena, Atxuriko maldaren urbanizazioa, Enkarnazioa …”.
Horrekin batera iragarri du, Bilbon hirigintza arloan gauzatu den iraultza handi hori Barruti guztietara eraman nahi duela, erdigunearekin eta beste auzoekin lotuz eta garraiobideetarako, merkataritzarako, ikastetxeetarako zein kiroldegietarako sarbidea erraztuz, besteak beste. “Oztopo arkitektoniko guztiak kendu nahi ditugu bizimodua erosoagoa eta errazagoa izan dadin, adinekoentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat, seme-alaba txikiak dituzten familientzat... Pertsona guzti-guztientzat”.
Neurriak
Horretarako, hauteskunde-programan jasotako neurrietako batzuk zehaztu ditu. Horien artean, igogailuak jartzen eta jasogailu gehiago garatzeko proiektuak lantzen jarraitzeko asmoa aurreratu du. “Orain, 40 daukazu hiri osoan zehar, eta horien erdiak Agintaldi honetan abiarazi ditugu”.
Era berean, Aburtok adierazi du Irisgarritasun Planarekin jarraituko dela Barruti guztietan, galtzadak nahiz espaloiak mantendu eta egokitzeko Planari eutsiz eta auzoetako argiteria apurka-apurka hobetuz, bereziki arreta berezia behar duten tokietan.
Agerraldiaren amaieran, Juan Mari Aburtok gonbidapena luzatu die herritarrei, harengana hurbildu eta “nolako beharrak dituzten azal dezaten, banku bat, igogailu bat, espaloi gehiago... Juan Mari Aburto ondo-ondoan duzue une oro. Izan ere, auzoak eta pertsonak dira guztion artean eraikitzen ari garen Bilbo honetako benetako protagonistak”.
MAIATZAk 19 | Mintzaldia
2019.05.19 Juan Mari Aburto - Auzoak eta irisgarritasuna