OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Vitoria-Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, eta Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzalezek, berretsi dute gaur EAJ-PNVren apustua Euskadiko hiriburua kirol profesionalerako eta aisialdiko kirolerako erakargune bihurtzearen alde.
Gorka Urtaranek sostengu sendoa emango diola Mendizorrotza estadioa antzaldatzeari nabarmendu du. “Badaukagu finantziazio-konpromisoa, Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatua, Udalekoa izaten jarraituko duen estadioa eraberritzeko premiari erantzuna emateko”. Mendizorrotzako futbol-zelaia hobetu eta handitzea bandera-ontzi du kirola-osasuna binomioa indartzeko Urtaranek duen estrategia irmoak; izan ere, binomio hori lurraldeko motor ekonomikoetako bat bilakatu nahi du Urtaranek. Horixe da Gasteizko agendan lehenetsitako helburuetako bat: Gasteizek duen aukera estrategikoki aprobetxatzea bere kirol-instalazioen kalitatea, kirol-medikuntzan lortutako espezializazio handia eta ekitaldiak antolatzen egindako ibilbidea motor ekonomiko bilakatzeko.
Bere aldetik, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak azpimarratu du Arabak “asmo handiko kirol-gertakizunei leku emateko moduko azpiegitura handi eta modernoak” behar dituela. Horrela, gogora ekarri du ezen bere garaian Arabako Foru Aldundiak “Europako kirol-pabiloi onenetariko bat eraikitzearen alde” egindako apusturik gabe, egunotan Vitoria-Gasteizen ospatzen ari den “Final Four ezin izango genukeela gure artean hartu”. Halaber, nabarmendu du lurraldean ditugun “kirol-instalazio apartek” bizi-kalitatea dakartela gizon eta emakume arabarrentzat. “ Baina Arabak eta Vitoria-Gasteizek nazioarteko kirol-erreferente izaten jarraitzea ere bizi-kalitatea da. Mundu osoko zaletuak, zeintzuek mapan kokatzen baitute gure lurraldea, interes handia baitute gure lurraldean, bisita egiten baitigute. Hori ere bada EAJ-PNVk Arabako gizon eta emakumeentzat nahi duena. Eta, horretarako, erronkaren muntaren neurriko Medizorrotza estadio bat behar dugu” adierazi du.
EAJ-PNVko arduradunek partekatzen duten “Vitoria-Gasteiz Kirol Barrutia” estrategia 4 ardatzetan oinarritzen da kirolak, ikuspegi profesionalean, ekonomikoan, sozialean eta hiri-aisialdikoan, dituen potentzialtasunak aprobetxatzeko eta lurraldeko garapen ekonomikoaren motorretako bat bilakatzeko.
1. ARDATZA: Kirol-instalazioak hobetzea
Alde batetik, hiriko kirol-instalazioak hobetu eta sendotzea. “Vitoria-Gasteizek 44 instalazio eta 249 pista biltzen dituen sare inbidiagarri bat dauka kirol ugariren praktikarako. Kirol-jarduera sustatzen duen sare bat, edozein hirik ez daukana. Sarea hobetu eta mantentzearen alde apustu egiten jarraituko dugu”, ziurtatu du Gorka Urtaranek, zeinak, halaber, gogoratu baitu legealdian zehar ia 12 milioi euro inbertitu direla udaleko kirol-instalazioak hobetzen.
2. ARDATZA: Talentua kirol-medikuntzan, ikerkuntzan eta prestakuntzan
Bigarrenik, gaur aurkeztutako proposamenak modu estrategikoan aprobetxatu nahi du zigilu arabarreko kirol-medikuntzaren potentzial profesionala. Zerbaitegatik da Vitoria-Gasteiz erreferente kirolarekin lotuta dauden ikerkuntza eta konponbide medikoen arloan, non nazioarte-mailan ondo ezagunak baitira zenbait aditu, Mikel Sánchez edo Eduardo Anitua doktorea, besteak beste.
Gainera, ardatz horri beste zenbait ekimen gehitu behar zaizkio: pertsonen osasunean jarduera fisikoaren ondorioak aztertzen dituen Ikerkuntza Zentroa, UPV-EHUk gure laguntzarekin bultzatua; iragarrita zegoen Euneiz Unibertsitatea, Gasteizen Kirolaren Zientziak irakasteko; eta UPV-EHUrekin lankidetzan garatutako udal-proiektua Kirol, Osasun eta Elikaduraren arloetara bideratutako Zentro Teknologiko bat abiarazteko, eta horren bidez Kirol Medikuntzako garai bateko zerbitzua berregituratzeko.
3. ARDATZA: Kirol-ekitaldiak antolatzea
Vitoria-Gasteizen bihotza dardaratzen da egunotan saskibaloiko Final Four dela-eta; gainera, hiria argi erakusten ari da lehehengo mailako kirol-ekitaldiak erakarri eta antolatzeko duen gaitasuna.
EAJ-PNVren ustez, gaitasun hori aprobetxatu behar den indargune bat da Vitoria-Gasteiz kirolaren hiri gisa egoki posizionatzeko.
Adibide moduan: 2017an kirol-turismoak ia 14 milioi euro sortu zituen Estatuan eta 11 milioi pertsona mugitu zituen, INEk eta Egaturrek argitaratutako informazioaren arabera. Azken hamarkadan, Estatura kirola egitera datozen atzerritarren lekualdatzeek sortutako gastua %50,3 handitu da.
Saskibaloiko Final Four, Erreginaren Kopa, Deportivo Alavés futbol-taldearen partidak, Martin Fiz Maratoia, Ironman proba, Euskadi Extrem BTT eta Ultrarail zenbait adibide dira eta agerian uzten dute “kirol-ekitaldiak jasotzeko ondo asko prestatuta gaudela eta ederto egiten dakigula. Vitoria-Gasteizen gustuko dugu kirola egitea baita kirol-ikuskizunak eta lehiaketak ikustea ere. Martin Fizek, Almudena Cidek, Maite Zuñigak, Juanito Oyarzabalek, Pou anaiek, Elena Loyok, Joseba Belokik, Pablo Lasok, Iñigo Bidondok, Patxi Peulak, Ortzi Acostak, Maider Undak, Eli Pinedok eta Patricia Elorzak, besteak beste, gure Alavés eta Baskoniarekin batera, munduan zehar zabaltzen dituzte Gasteiz eta Araba izenak. Ez da pentsatu behar gaitasun hori aukera bakartua dela. Jomuga handiagoak eduki behar ditugu eta, modu estrategikoan, hirian daukagun potentzial eta talentuaren indar osoa aterarazi behar dugu gure erakargarritasun profesionala eta aisialdikoa posizionatzeko, Vitoria-Gasteiz erreferente bilakatzeko kirolaren arloko ikerkuntzan, prestakuntzan, praktikan eta erakusketan”, defendatu du Gorka Urtaranek.
Horren harira, Ramiro Gonzalezek erantsi du EAJ-PNVk Araba kokatu nahi duela “Estatuko eta Europako kirol-zelai onenen artean. Osagai guztiak ditugu: talde bat futboleko lehenengo mailan eta saskibaloi-talde bat kirol europarraren elitean, eta Final Four antolatzeko aukera emanez duen garrantzia aitortua daukana. Baina abiapuntu hori hobetu behar dugu eta Arabak Europako kirol-lurralde handien artean duen kokapen hori sendotu”, ziurtatu du.
Gainera, nazioarteko atleta eta kirol-talde askok aukeratzen dute Vitoria-Gasteiz denboraldi-aurreak eta kirol-kontzentrazioak egiteko. Nazioarteko atletek eta taldeek Gasteizen jartzen dute euren entrenamendu-basea Europako udan eta Euskadiko hiriburutik Europa osoan zehar lekualdatzen dira lehiaketetara bertaratzeko. Vitoria-Gasteiz aukeratu duten selekzioen artean aipatzekoak dira, adibidez, Estatu Batuetako igeriketa-selekzioa eta waterpolo-selekzioa; biek hautatu zuten gure hiria Bartzelonako munduko txapelketa prestatzeko. Halaber, Australiako triatloi-selekzioak ere hemen egin zuen denboraldi-aurrea bost urtean. Era berean, hirian hainbat kirol-prestaldi antolatzen dira (padel, atletismo, hipika, eta abarrekoak) baita saskibaloiko eta futboleko nazioarteko zenbait campus ere.
4. ARDATZA: Oinarrizko kirola eta pertsona guztiontzako kirola
Estrategiaren laugarren ardatza da, zalantza barik, guztiontzako kirola, praktika osasungarri moduan, sustatzea eta oinarrizko kirola zaindu eta babestea hiriko kirol-federazioen, -kluben, -fundazioen eta –elkarteen bidez .
Vitoria-Gasteizen gero eta gehiago egiten da kirola. Adibide moduan aipatu dezakegu udaleko kirol-ekipamenduen sareak gaur egun 95.000 abonatu dituela. 10 gasteiztarretik 4 dira udaleko kirol-ekipamenduen abonatu.
EAJ-PNVren beste plan espezifikoetako bat emakumezkoen kirol-praktika sustatzea da. Legealdi honetan egindako azterlan baten arabera, arrazoi askorengatik, emakumezkoek gazteago uzten diote kirola egiteari gizonezkoek baino. Kirolaren praktika neskato eta nesken artean ahalbidetzea, adoretzea, laguntzea eta indartzea da plan horren helmugetako bat.
Horrez gain, EAJ-PNVk kalean egiten den kirola eta ariketa fisikoa sustatu nahi ditu. Kirolaren bitartez, hiriko espazio publikoen eta berdeguneen erabilera bultzatu nahi da. Horrela jaso da arestian egin den Kirol Park kanpainian. Izan ere, Vitoria-Gasteizek parkez estalitako hamar milioi metro koadro baino gehiago ditu paseatu, bizikletaz ibili, korrika egin edo zaldiz ibiltzeko; Eraztun Berdeko 6 parkeak eta oinezkoentzako ibilbideen eta txirrindularientzako pisten sare zabal bat, baita hiriko hainbat tokitan osasun-parkeak ere.
MAIATZAk 18 | Mintzaldia
201905178_Ramiro González. Mendizorrotza