Adinekoei arreta eta herri bizitza uztartuko dituen gune berria sortzeko lan egingo dugu

Ataunen izan da Gizarte Politikako foru diputatua, Maite Peña, eta Xabier Barandiaran EAJko alkategaiarekin aztertu ditu herriko beharrizan sozialak
Adinekoei arreta eta herri bizitza uztartuko dituen gune berria sortzeko lan egingo dugu
17 Maiatza | Ataun

Xabier Barandiaran alkategaiarekin batera, herriko beharrizan sozialak aztergai izan ditu Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, herrira egindako bisitan. Datozen Udal Hauteskundeetarako EAJk aurkeztu duen hautagaitzako kideekin batera, adineko pertsonentzako arreta gunea eta gizarte bizitza dinamizatzeko instalazioak uztartuko dituen eraikin berri bat sortzeko proposamena izan dute aztergai, Peñaren ekarpenak jasoz.

Barandiaranek gogoratu duenez, batetik, gizartearen zahartzearekin batera “adinekoen bizitza kalitatea bermatzeko” herri politikak indartzeko beharra dago Ataunen. Horretarako, adineko pertsonek bizitza “atsegin eta duina” izan dezaten  beharrezko diren “azpiegitura eta zerbitzuak” lantzea proposatzen du EAJk, “premia gehien dutenen zaintza” bermatuz. Bestetik, Ataunek “herriko kultur eta gizarte mugimendu aberatsa” du. “Leku egoki bat merezi eta behar du dinamismo horrek guztiak” gogoeta egin du.

Hori dela eta, Maite Peñaren bisita probestuz, Ataungo EAJren alkategaiak proposatu du herriko kultur eta gizarte bizitzari “zerbitzu egokiak” eskaintzeko “erabilera anitzeko zentro edo gizarte-etxe berri bat eraikitzea”. “Adineko pertsonen arretarako gune bat izango du, baita ere, eta bi errealitateak uztartuz herri izaera,  komunitate-harremanak eta belaunaldi arteko hartu-emana bultzatuko luke, herritar eta erabiltzaile guztientzat onuragarri izan dadin”.

Enplegu plana

Barandiaranek azaldu duenez, baita ere, langabezian dauden herritarrei laguntzeko “enplegu-sustapen plana” egitea ere proposatzen du EAJren hautagaitzak 10 puntutan jasotako programan. “Gure helburua da pertsona horiek prestakuntza egoki batetara eta herri lanean sortzen den premietara bideratzea”, azaldu du, eta jakinarazi du proposamen hau partekatu dutela Maite Peñarekin, Foru Aldundiak abian dituen inklusio planekin kontrastatu asmoz.

PARTEKATU