Horretarako, eragileekin elkarlanean kultur ekimena sustatzea, azpiegitura sozio-kulturalak hobetu eta egokitzea, ekimen berrien bitartez euskararen erabilera bultzatzea, Emakumeen Etxea eraiki zein politika publikoetan genero zeharkakotasuna sustatzea edota memoriaren inguruan egindako azterketari jarraipena ematea proposatzen dute.
Olatz Peon Ormazabal alkategaiak programan jasotako beste ardatzetako bat aurkeztu du gaur: nortasuna, kultura eta euskarari lotutakoa, aleagia, eta zehar-lerro diren berdintasuna, bizikidetza eta hezkuntza alorrak ere hizpide izan ditu.
“Tolosa eta tolosarrok badugu gainerako udalerriengandik bereizten gaituen nortasun propioa eta hori indartzea da guru helburua, bereziki kultura eta euskarari lotuta”, azaldu du. “Tolosa herri bizia da eta kultur programa zabala du bertako kultur eragileek egiten duten lanari esker eta hori, herri batentzat, zaindu eta babestu beharreko altxorra da”, jarraitu du. Horregatik, kultur taldeen lana babesten jarraitzeko konpromisoa hartu dute jeltzaleek, baita tokiko eragileekin batera kultur ekimenak sustatzen jarraitzekoa ere, tolosarrei aukera berri eta anitzak eskaini ahal izateko.
Kultur azoiegituren hobekuntza eta euskararen sustapena:
Azpiegitura sozio-kulturalei buruzko txostena oinarri hartuta eta bertan jasotako behar eta lehentasunak aintzakotzat hartuta, Tolosako EAJ-PNVk eraikinak eta guneak berritu eta egokituko ditu zerbitzuak hobetu edota berriak martxan jartzeko. Ildo horretan, hautagaiak adierazi du berak zein bere lan taldeak estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jo dituztela: Udal Liburutegia handitzea, Kultur Etxea zein Musika Eskola berrantolatu eta egokitzea eta gazteentzako musika entsegurako lokalak prestatzea.
Euskarari dagokionean, ekimen berrien bitartez hizkuntzaren erabilera indartu nahi dute jeltzaleek eskolatik kanpo euskara eskualdeko eta Tolosako erreferentzia izan dadin. Horrez gain, administrazioan euskararen erabilera bultzatzeko edota atzerritarrek zein euskara hitz egiten ez dakiten pertsonek hizkuntza ikas dezaten plan berriak garatuko dituzte eta legealdi honetan sortu den Tolosaldeako Euskara mahaiaren partaidetza sustatuko dute.
Berdintasuna eta bizikidetza:
Alkategaiak garrantzia berezia emango die, baita datorren legealdian, ere bi zehar-lerro horiei: politika publikoetan genero zeharkakotasuna sustatuko dugu emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko. Legealdi honetan zehar lan garrantzitsua egin dugu alor horretan; Tolosako emakumeekin batera partaidetza prozesu bat burutu dugu Emakumeen Etxea definitzeko. Prozesua oso aberasgarria izan da eta eraikin berria datorren legealdian zehar egingo sortuko da, prozesuan adostu eta zehaztuko irizpideak jarraituta”, azaldu du. “Horrez gain, indarkeria matxistari aurre egiteko politiketan sakonduko dugu eta LGTBI kolektiboarekin elkarlanean jardungo dugu”, azpimarratu du Peonek.
Amaitzeko, hautagai jeltzalearen esanetan: “legealdi honetan bizikidetzaren aldeko urrats garrantzitsuak egin ditugu, etorkizuna eraikitzeko errespetuak oinarrizko elementua izan behar duelako”. “Horregatik, giza eskubideen errespetua sustatuko dugu gure udal jardueran; Aranzadirekin elkarlanean memoriaren inguruan egindako azterketari jarraipena emango diogu; inklusibotasun irizpideak txertatuko ditugu eta bizikidetza sustatzeko ekintza berriak antolatu eta etorri berrien integraziorako Ongi Etorri gida garatuko dugu”, esanez amaitu du.