Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusi eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagaia bertaratu da gaur goizean Arespaldintzan, ohiturari jarraituz, San Isidro omentzeko egin den nekazaritza- eta abeltzaintza-azokara. Ingurune hori aprobetxatu du Arabako landa-eremuan jarduten duten eta aste honetan bertan eskaera-dekalogo bat talde politikoei helarazi dieten elkarteei erantzuteko. “ Entzun egin ditugu eta euren kezka eta desira partekatzen dugu. Plazaratu dituzten proposamenak erabat zentzuzkoak dira. Izan ere, lau urte hauetan gauzatu ditugun politikak landa-eremua aintzat hartuta egin dira eta gure herrietan bizi-kalitatea hobetzea izan dute helburu. Eta horrela egiten jarraituko dugu”, adierazi du.
Ramiro Gonzalezek nabarmendu du Eusko Alderdi Jeltzaleak “partekatzen duela landa-eremuan lan egiteko beharra, herrietan bizi garenon bizi-kalitatea hobetu eta Araba bizi-bizirik mantentzeko”, hala ere, oraindik badagoela zer eginik onartu du, eta Eusko Alderdi Jeltzaleak lanean jarraituko duela gure lurraldea bizirik dagoen lurraldea izan dadin eta gure herrietan bizi-kalitatea hobetu dadin” adierazi du.
Horren harira, EAJ-PNVk datorren legealdiari begira Araban gauzatzeko plazaratutako proposamenetako zenbait aipatu ditu Gonzalezek.“Nekazaritzako elikagaien sektorean aldaketak egitea proposatzen dugu, teknologia berriak bidelagun, landa-eremuan industria modernizatzeko. Birgaitze Plana sustatuko dugu etxebizitza narriatuetan esku hartzeko. Eta landa-eremuan garapen iraunkorraren eta pertsonen ongizatearen arloetan teknologia eta konektagarritasunaren erabileraren sustapenean aurrera egiten jarraituko dugu” zehaztu du Ramiro Gonzalezek.
Halaber, ZainduzAraba programaz ere mintzatu da. Laguntza-tresnak jarriko dira mendekotasuna duten pertsonen zaintzaile ez-profesionalen eskura, landa-eremuan indar berezia eginez, pertsona horien arretaren kalitatea hobetu dadin eta beharrezko atsedena bermatuta eduki dezaten. Era berean, Kontzejuetan emakumeen parte-hartze aktiboa bultzatzeko duen asmoa ere aipatu du. Amaitzeko, energia berriztagarrien arloan eta autosufizientzia energetikoa helburu, bi esperientzia-pilotu gauzatzea proposatu du, bi landa-herrigunetan, gehienez 200 biztanlekoa bata eta 200 eta 500 biztanle bitartekoa bestea.
“Hauxe da Eusko Alderdi Jeltzaleak emakume eta gizon baserritarrekin eta landa-eremuarekin duen konpromisoa. Bide egiten jarraituko dugu, baserritarrekin, Kontzejuekin, Udalekin eta landa-eremuko eragileekin soinez soin lanean. Arabarako etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu, hiri-gizartearekin elkarlanean eta lan egiteko eta bizitzeko landa-eremu erakargarri bat sustatuz; astelehenetik igandera arte bizirik dagoen landa-eremu bat nahi dugu, gu haietaz harro gauden bezalaxe, nekazari nahiz abeltzain izateaz harro dauden pertsonak bizilagun dituen landa-eremu bat, alegia”, erantsi du.
AP-68aren bidesariaren gastuetarako hobari-eredua
EAJ-PNVko hautagaiak Aiara bezalako zonaldeetan bizi kalitatea bermatzeko eta bertan lan eta bizitzea erakargarriagoa egiteko, Lurraldearekin konexioa erraztu behar dela esan du. Horrela, AP-68aren bidesariaren gastuetarako hobari-eredu bat ezartzea proposatu du, Vitoria-Gasteizerako norabideko ibileretan- egun badagoena- ez ezik, Bilborako norabidekoetan ere.
Aiarako eskualdean bizi diren lagun guztiei zuzentzen zaien neurri horrek aukera eman nahi die aiaratarrei, modu merkeago batean, inguruneko herrigune nagusietarako sarbidea izan dezaten. Gaur egun Vitoria-Gasteizerako noranzkoan dagoen bidesariaren abantaila berberak edukiko ditu neurri berriak. Zehazki, Ramiro Gonzalezen konpromisoa da Arabako Foru Aldundiak ordaindu dezala %60ko deskontua hilean 15 ibilera, gutxienez, egiten dituzten bidaiarientzat.