“Enplegua eman dadin, ezinbestekoa da enpresak egotea. Gaur martxan jarri behar ditugu biharko enpresak”. Hori da Unai Rementeria ahaldun nagusi eta hautagaiak egiten duen proposamenaren helburu nagusiena. BBVAren egoitza eta herrialde mailan garapen ekonomikoaren sinbolo izan zen eraikinean, Bizkaia Dorrean, Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa egitea aurreikusita dago. Gune hau izango da hemendik aurrera “Bizkaiko enpresen ‘Lezama’, biharko enpresak sortuko diren gunea. Bizkaiko enpresa handien eta enpresa txiki eta ertainen arteko sinergiak ezartzeko lekua ere bai”. Juan Mari Aburto Bilboko alkategaiak baieztatu du hurrengo agintaldira begira daukan helburu nagusiena dela “Bilbo hiria hiriburu finantzario eta ekonomiko bilakatzea, proiektu, inbertsio,enpresa eta kalitatezko enpleguaren motore eta bultzatzaile bihurtzea,onurak Bizkaia eta Euskadi osoarentzat eman daitezen”. Horregatik babestuko ditu ekintzailetza arloan emango diren ekimenak eta hauen artean Aldundiarekin elkarlanean egingo dena, Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa.
“Dorrea izango da biharko enpresak jaioko diren lekua, ez baitute ezer ere faltan izango. Eta ‘Lezama’ hau mundu mailako beste ‘Lezama’ batzuekin eta dorre honetan egongo diren gure enpresa handiekin egongo da konektatuta. Horrela, handiak lagunduko dio txikiari. Proiektu ikaragarria da Bizkairentzat”, nabarmendu du hautagai jeltzaleak eta “Ekintzailetzaren Guggenheim” izena eman dio. “Hori da xede bat izatea. Hori da EAJ-PNV: hitza betetzea eta hobetzeko proiektuak: gaur egitea biharkoan pentsatuz, urrats txikiak emanez baina epe luzera begiratuta”, amaitu du.
Nazioarteko Ekintzailetza Zentroak EAJ-PNVk helburu duen eta hiru ardatz nagusi dituen estrategia bati erantzuten dio: kontzentrazioa, komunitatea eta konektibotasuna. Horrela, proiektu honekin bilatzen da ‘startup’ izenekoak eta pertsona ekintzaileak gune fisiko berean kontzentratzea, euren arteko sinergiak bultzatzeko eta ekosistema ekintzailea finkatzeko. Halaber, toki eta nazioarteko komunitatea sortu nahi da ‘startup’, inbestitzaile pribatu eta publikoen eta enpresa bultzatzaileen arteko interakzioa sustatuz, Bizkaiko ekintzaileen komunitatea sortzeko. Eta nazioarteko konektibotasuna ezarri nahi da ‘startup’ ekimenak eta pertsona ekintzaileak mundu mailako erreferentzia nodoekin lotzeko, euren arteko zubi egonkorrak sortuz.
Bilbo, hiriburu ekonomiko eta finantzarioa
Bilboko alkatetzarako hautagaiak aurreratu du 2019-2013 agintaldirako lehentasun nagusienetakoa izango dela Bilbo hiriburu finantzario eta ekonomikoa bihurtzea. Horretarako lau ardatz estrategiko garatu ditu.
Horietako lehena da ekintzailetza jarduerak babestea eta bereziki Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa, ‘startup’ gune bat izango delako eta konektatuta egongo delako nazioarteko merkatu eta sareekin. “Gure erronka da Bilbo ekintzailetzarako hiriburu handia izan dadila estatu mailan, eta Europako hegoaldeko abangoardia izan dadila”, baieztatu du. Ildo beretik azaldu duenez “gune honek osatuko du Udaletik ekintzaileentzat daukagun zentroa, Big Bilbao izenekoa, orain finkatu nahi duguna”. Aburtok era berean adierazi du laguntza integrala eskainiko zaiela autoenplegu eta ekintzailetza ekimenei “gutxienez 600 mikro-ekintzailetza egitasmo eta 900 enplegu berri sortzeko”.
Bigarren neurria izango da, Aldundiarekin ere, Nagusi Inteligence Center izenekoa Zorrotzaurren abian jartzea. Bilbon eta Bizkaian “zilarrezko ekonomia” deitzen den sektorea garatzeko gunea izango da eta “beste sektore lehiakor batzuekin eta ekonomia digitalaren esparruan egingo ditugun beste ekimenekin bateragarria”.
Hirugarrena izango da Invest in Bilbao-Bizkaia izeneko aliantza finkatzea, Bilbon enplegua eta goi mailako ikerketa eta teknika alorreko talentua bideratzeko eta sortzeko inbertsioak, enpresa berriak eta jarduerak erakartzeko. “Beste leku batzuetan lan egin ondoren gure hirira itzuli nahi duten bilbotarrei ere lagundu nahi diegu”, aurreratu du.
Azkenik, “oso garrantzitsu” jo du Bilbon sortuko diren aukera gune berrien definizio estrategikoa egitea. “Punta Zorrotzaz ari naiz, Errekaldez eta AHT Bilbora iristean sortuko diren guneez, trenbideak lur azpitik igarotzean, eta Artxandaz edo Elorrietaz ere bai”, amaitu du.
MAIATZAk 14 | Mintzaldia
2019.05.14 Unai Rementeria - Bizkaia Dorrea eta Jarduera ekonomikoa
MAIATZAk 14 | Mintzaldia
2019.05.14 Juan Mari Aburto - Bizkaia Dorrea eta Jarduera ekonomikoa