Urkulluk Vitoria-Gasteizko gazteriari eskatu dio konfiantza jar dezala Urtaranengan; “alkate gaztea da, hiriari buelta osoa eman dio balore sendoekin eta etorkizunera begira duen proiektuarekin”

Lehendakariak kanpaina honetan egin duen lehen mitinean hitz egin du gaur EAJk Lakuako Zumaia Plazan egin duen ekitaldian. Ondoan izan ditu Urtaran, Ramiro Gonzalez eta Izaskun Bilbao Barandica: “Zabalgana-Salburua Ekobulebarrak hiria goitik behera aldatuko du”, baieztatu du
13 Maiatza | Araba

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Gorka Urtaranek buelta osoa eman dio Vitoria-Gasteiz hiriari: gatazkatik kolaboraziora, zor egoeratik kudeaketa eraginkorrera; gelditasunetik inbertsiora eta hazkundera. Gasteiz hiri gaztea da gaur, hazkunde bidean dagoena eta gaztea eta hazkunde bidean dagoen alkatea dauka; nire mezu nagusia gazteentzat da: konfiantza eskatzen dut alkate gaztearentzat. Gazteei eskatzen diet gazteengan konfiantza izatea, konfiantza balore sendoak dituen alkatearengan, lantaldea du eta etorkizunerako proiektua ere bai. Alkate honek ekintzen bidez erakutsi du Gasteizek hazten jarraitu nahi duela. Gazteei eskatzen diet Gasteiz berri, gazte, solidario eta ireki honen alde mugitzea, aukerak dituen hiriaren alde. Gasteiz, Europako super-hiria. Gazteei eskatzen diet Gorkarengan konfiantza izatea”. Hauxe izan da Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadiko hiriburuko gazteei luzatu dien mezu argi eta zuzena. Kanpaina honeyan Urkulluren lehen mitina izan da gaurkoa eta Gasteizen egon da gaur, Lakuako Zumaia plazan. Lehendakariarekin batera hitz egin dute gaur Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak, Arabako ahaldun nagusi eta berrautaketara aurkezten den hautagai Ramiro Gonzalezek eta Izaskun Bilbao Barandicak, Europako diputatu eta maiatzaren 26ko hauteskundeetara aurkeztuko den Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren (CEUS) zerrendaburuak.

Urkulluk jakin daki zertaz ari den Urtaranengan konfiantza izatea eskatzen duenean. “Gasteizen etorkizunerako duen proiektua ezagutzen dut, etorkizunera begira dagoen proiektua, egunez egunekoari begira konpromisoak aurreikusten dituena: Tranbia gehiago, autobus elektriko gehiago; oinezkoentzako plaza gehiago, aparkaleku gehiago eta berdegune gehiago; ikastetxe gehiago, inbertsioak ospitaleetan eta osasun zentroetan; etxebizitza gehiago eta alokatzeko etxebizitzak gazteentzat; lan eta inbertsio gehiago auzoetan. Vitoria-Gasteiz martxan dago, baliabideak lortzen ditu bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko”, baieztatu du. “Jakin badakigu zein diren zure karguaz jabetzean izan zenituen zailtasunak, Gorka, eta oposiziokoen aldetik eragin dizkizuten arazoak. Badakigu eta horregatik estimatzen dugu zure lantaldearekin batera egin duzun lana, beti asmo onez, beti akordioak bilatuz, baloreekin eta konbikzio osoz, gaztetasunaren izpirituarekin eta indarrarekin. Elkarrekin lan egingo dugu Zabalgana-Salburua Eko-bulebarrean, Gasteiz hiria goitik behera aldatuko duena. Etorkizuna duen proiektua da. Gasteizen transformazio positiboa da. Elkarrekin eta gaztetasunaren indarraren laguntzarekin Aurrera egingo duen proiektua da. Vitoria-Gasteiz biziberrituko duen proiektua izango da”, bermatu du.

Gorka-Urtaranek, Vitoria-Gasteizko alkate eta berrautaketarako hautagai jeltzaleak, azken legealdi honetan Euskadiko hiriburuan garatu izan den hiri proiektuaz hitz egin du eta baieztatu du proposamen ilusio sortzaileak jasotzen dituela hurrengo urteei begira. “Vitoria- Gasteizko Agenda prestatu dugu, akordioetan eta hiritargoaren interesen defentsan oinarrituta dagoena, super-hiri honen bidea markatzen duena”, azpimarratu du. “Eta nik Vitoria-Gasteizentzat nahi dut Euskadik markatu duen ibilbidea. Europako erregiorik aurreratuenetako bat gara, erreferenteak gara berrikuntzan, hazkunde ekonomikoan, osasunean, hezkuntzan eta gizarte orekan. Vitoria-Gasteizek jokoan duena da Euskadiren arrakasta eredu hau. Ez dut uste Vitoria-Gasteizek Euskadiz aparte beste erreferenterik hartu beharko duenik. Euskadi bide onetik doa eta Vitoria-Gasteizek proiektu hori eraman behar du”, esan du Urtaranek.

Arabako ahaldun nagusi eta EAJ-PNVren izenean berrautaketara aurkezten den hautagai Ramiro Gonzálezek mezu argi baino argiagoa luzatu nahi izan die mitinera joan diren pertsonei. “Euzko Alderdi Jeltzalea da Arabaren garapen ekonomikorako bermea. Enpresak erakarriko direla eta bertan ezarriko direla bermatzen du eta, beraz, Herrialde mailan aberastasuna sortzea ekarriko du”, baieztatu du. Gonzalezek azpimarratu duen ideia nagusia izan da hauteskunde hauei begira aukera bat hartu beharra dagoela “eta bi aukera baino ez daude: aurrera egiten jarraitzea edo atzerako bidea hartzea. Aukeratu behar da elkarrekin lan egiten dugun eta bidea egiten dugunen edo inposatzea besterik nahi dutenen artean. Horregatik, Araban, aurrera egiteko, Euzko Alderdi Jeltzalea

Izaskun Bilbao Barandicak Europako diputatu jeltzaleak, bere aldetik azpimarratu nahi izan du Araba, Gasteiz eta herrialdeko beste udalak Europarekin lotzeko egin ohi duen konexio lana, eta ildo beretik jarraitzeko asmoa duela nabarmendu du, hau da, talde lana eginez eta orain arteko lankidetza eta sintonia maila berberari eutsiz. Lankidetza honen adibide izan da, esaterako, Urtaran alkateak, Izaskunek berak eta “Martxoak Hiru” elkarteak Bruselara eraman zuten gaia frankismoaren inpunitatearen arazoa salatzeko. Era berean ekarri du gogora Ramiro González ahaldun nagusiarekin elkarlanean Garoñaren gaiaren inguruan garatutako lana. Ramiro Gonzalezekin batera egin den lanak Ahaldun Nagusiari lagundu zion zentralaren auzia Bruselan azaltzen Nazioarteko Gardentasun Nuklearraren erakundeak antolatu zituen jardunaldietan. Horiek denek lagundu zuten zentrala behin betiko ixteko urratsa eman zedin.

“Helburu berberak ditugu”, -gaineratu du eurodiputatuak-, “ardurak eta lanak partekatzen ditugulako udalik txikienean eta Europako Parlamentuan. Eta elkarren artean lan egiten dugulako. Zerbitzu integrala eskaintzen diogu Euskadi osoari. Horrela, Arabako eta Euskadiko erakundeekin landu ditugu mugikortasuna, prestakuntza, berrikuntza, nekazaritza eta garraioa. Bruselara eraman genuen “irekita lanean egoteagatik” esperientzia. Orain dagokiguna da”, -jarraitu du-, “Gorkak Gasteizen garatu nahi duen Super-hiriaren proiektuan buru belarri sartzea. Hor izango nauzu, Gorka, Gasteizentzat hain ona den proiektu hori bultzatzen laguntzeko. Ona da Arabarentzat eta Gasteizentzat ere”, nabarmendu du.

PARTEKATU