Donostiak izan behar du saltokietatik plastikozko poltsak erabat kenduko dituen lehenengo euskal hiriburua, haien ordez poltsa berrerabilgarriak, birziklagarriak edo biodegradagarriak erabiltzeko. Hori da Eneko Goiak, Donostiako alkate eta berrautaketarako hautagai denak, egin duen proposamena eta hartu duen konpromisoa, eta bi urteko epea ezarri du helburu hori lortzeko.
Eneko Goiak bere proposamena aurkeztu du Donostiak hiri jasangarria izateko pausoak ematen jarrai dezan. Ildo horretan, adierazi du datorren legegintzaldiko lehentasunetako bat izango dela hiriko merkataritzan plastikozko poltsak guztiz desagerraraztea, "ingurumenarekin konprometituriko hiri jasangarria izateko ekarpen zehatz gisa".
"Gure inertzia eta ohiturekin, urtero milaka plastikozko poltsa erabiltzen ditugu, desegiteko hainbat hamarkada behar dituztenak, eta gure itsasoetan kutsadura handia eragiten dutenak. Uste dut donostiarren kontzientzia gero eta handiagoak bideragarri egiten duela horrelako erronka bat. Denon konpromisoarekin, saltoki eta kontsumitzaile, epe laburrean lortzeko modukoa iruditzen zaigu”, adierazi du.
Eneko Goiak kontsumo-ohituren aldaketa azpimarratu du, eta proposatu du Udalak gidatzea ekimen hori. Horretarako, “bide-orri bat zehaztu beharko da, eta merkataritzaren sektorearekin elkarlanean aritu, Donostia 2021ean plastikozko poltsarik gabeko hiria izan dadin ". Helburu hori lortzeko, ekimen publiko-pribatuaren estrategia definitzea, herritarren kontzientziaziorako kanpainak egitea eta merkataritzaren sektorearekin -handizkako zein txikizkako- akordioak lortzea proposatu du Goiak, bi urte baino lehen Donostia plastikozko poltsarik gabeko lehen euskal hiriburua izatea lortzeko.
Goiak gogorarazi du Udalak zabor-poltsa biokonpostagarriak diruz laguntzen dituela, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen dituela, baina ez dela nahikoa. "Beharrezkoa da estrategia global bat zehaztea eta beste eragile batzuk inplikatzea, herritarrak bereziki", gaineratu du.
Ildo horretan, Donostiak Klima 2050 Ekintza Planean ondo definitutako estrategia bat duela adierazi du, "2050. urterako berotegi-efektuko gasen isuriak % 80 murrizteko" zenbait jarduera planteatzen dituena.
"Donostiak oinarri ona du, eta abiapuntu sendoa da aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren lehen lerroan aritzeko", azpimarratu du EAJren Donostiako alkategaiak. Horrela, Eneko Goiak azpimarratu du "hiri egokia, konprometitua eta ezagutza handiko sektore bat dugula", estrategia definituarekin aktiboki lagunduko dutenak.