Tolosako EAJ-PNVk hauteskunde programaren aurkezpen orokorra egin ondoren, gaur bere proiektua ardatzka aurkezteari ekin dio. Hauteskunde programak 5 ardatz nagusi ditu eta gaurkoan, Olatz Peon Ormazabal alkategaiak lehen lan ardatza aurkeztu du, pertsonen ongizatea bermatzeko eta hobetzeko gizarte politikak, alegia.
Adierazi duenez, “pertsonak eta gizarte politikak gure lanaren erdigunean kokatzen ditugu eta beraz, horiek dira gure programaren ardatz nagusi”. “Gizarte laguntza eta zerbitzuetara beharrezkoak diren baliabideak bideratzen jarraituko dugu, orain arte bezala, zerbitzu hobeak eta berriak eskaintzeko eta bereziki tolosarren beharrei eta etorkizunean sor daitezken behar berriei modu egokiagoan erantzuteko; Gizarte Zerbitzuen Mapa osatuko dugu, mendekotasuna duten pertsonei zerbitzu hobea eskaintzeko” esan du.
Alkategai jeltzaleak azaldu duenez biztanleriaren zahartzea da gizarte honek aurrean duen erronkarik nagusiena. Horregatik, Udaletik, “prebentziorako programak eta zahartzaro aktibo eta osasuntsurako ekimenak bultzatu eta berriak abiaraziko ditugu herritarren artean ohitura osasuntsuak sustatzeko eta adineko pertsonen ongizatea bermatzeko” esan du. Horien artean aipatu ditu: adineko pertsonentzako plaza gehiago sustatzea Uzturren, etxez etxeko zerbitzua garatzea, eguneko arreta zerbitzua indartzea eta zerbitzu berriak abiaraztea –jangela soziala, ile-apaindegia….-.
Legealdi honetan abiarazitako Familia Elkargunean eskainitako zerbitzua garatu eta indartzea ere izango dute helburu jeltzaleek eta familia esku-hartze programa ere indartuko dute familia eta adingabe gehiago artatzeko.
Halaber, pertsona boluntarioen laguntzaz eskaintzen den Abegi zentroko gaueko arreta zerbitzua Udalak zuzenean kudeatzeko prozesua martxan jartzea ere proposatu dute eta elkartegintza sustatzeko lan egingo dutela ere azaldu du Peonek elkarte ezberdinek elkarren berri izan dezaten eta beren arteko lankidetza bultzatzeko.
Amaitzeko, alkategai jeltzaleak azpimarratu du “EAJ-PNVk erabateko konpromisoa du pertsonekin, beti egin dugu gizarte babesaren aldeko apustua behar gehien dutenei erantzuteko, inor albo batean ez uzteko, eta hori izan da gure jardunaren ardatz nagusia, horregatik izango da gure lehentasuna datozen urteetan ere tolosarren ongizatea bermatu eta hobetzea eta horretarako beharrezkoak diren zerbitzuak bermatu, hobetu eta berriak jarriko ditugu martxan”.