Donostiako alkate eta EAJ-PNVren alkategai Eneko Goiak Sagues berrantolatzeko proposamena aurkeztu du. Goiak proposatu du nazioarteko lehiaketa egitea auzoaren urbanizazio berria diseinatzeko. Izan ere, Sagues hiriaren gune oso berezia da eta irtenbide egokia behar du, hain zuzen ere, gunea biziberrituko duen eta hirian integratuko duen kalitatezko irtenbidea. Helburua, soluzio integrala eta kalitatezkoa ematea litzateke, hirigintzaren ikuspuntutik hiriarentzat garrantzi haundia duen espazio hau osatzeko.
Bere ustez, hiru ardatz hartu behar dira kontuan: Sagüesek duen auzo izaera; erabilera anitzeko hiri gune aparta, aisialdirako asko erabiltzen dena; eta natura eta hiriaren batasun egokia.
“Sagüesen donostiarrok hamaika gauza egiten dugu: paseatu, kirola egin, patinatu, surfa egin, kontzertuetara joan, terraza edo horman arratsaldea pasa edo, soil soilik, hiriak duen bista ederraz gozatu. Gainera, bertan bizi den jendea badugu, eta beste batzuk ikastetxera ere joaten dira”, adierazi du Goiak.
Alkatearen hitzetan, Sagüesen azken urteotan eman diren soluzioak “modu soltean hartu dira, inungo irizpie bateraturik eman gabe, eta horrek zati askoz osaturiko multzoa utzi du”. Eneko Goiak uste du ordua dela ikuspuntu orokor eta oso batetik soluzio integral bat mahai gainean jartzeko espazio hau eraldatzeko asmoz.
Horrenbestez, hautagai jeltzaleak nazioarteko lehiaketa antolatzearen alde egin du, auzoaren erabateko biziberritzea egiteko, eta horretarako hirigintzan zein arkitekturan adituak diren taldeak deitzearen alde egin du. Horren harian, Eneko Goiak azpimarratu du, EHU/UPVko Arkitektura Eskolako ikasleek legealdi honetan egindako lana, auzoan hartu beharreko neurrien inguruan “hamar irizpide utzi dituztelarik, eta jarraitu beharreko bidea erakutsi digutelarik”.
Aldi berean, bertako bizilagunekin prozesu partehartzailea egitea beharrezkoa ikusten du Eneko Goiak, eurek esan dezaten zeintzuk diren auzoaren beharrak eta proposamenak.
Hortaz, Goiak gaineratu du, argi gelditu dela irtenbidea ez dela eraikinak egitea, baizik eta gunea auzoan eta hirian orokorrean modu egokienean integratzea. Horrenbestez, auzoaren beharrei erantzungo dien gune funtzional baten alde egin du, baita hiriak dituen erabilera ezberdinei erantzuna emango dien diseinu baten alde ere.
“Helburua da bertan bizi direnak gustura bizitzea eta euren auzoko bizi baldintzak hobetzea; baina baita Donostiatik zein kanpotik hurbiltzen direnei ere aukera ezberdinak eta hobeak eskaintzea ere”, azaldu du.
Lur azpiko aparkalekua haunditzea
Horiek horrela, Eneko Goiak proposatu du, lur-azpiko aparkaleku handiago bat egitea, kalean dauden ibilgailuak kentzeko eta, beraz, donostiarrak disfrutatzeko gune handiago bat izateko. Eta gune hori auzoarentzat funtzionala izango litzateke, eta hiriak ere aisialdirako eta kultur zein kirol erabileretarako gunea irabaziko luke.
“Neurri horrekin ibilgailuak kenduko ditugu kanpoaldetik, eta bertako pertsonen joan-etorria erraztuko dugu, baita bertako terraza eta ostalarien jarduna biziberritu ere”, azaldu du.
Donostiako alkategai jeltzalearen iritziz, irtenbideak auzoa eta hiria lotu behar ditu, gunearen erabileraz baliatuz, eta beti natura eta hiria integratuz eta auzoaren beharrei erantzunez.