Bizkaiko ondarea balioan jartzea eta Lea Artibaiko eskualde osoa biziberritzea. Horiek dira Unai Rementeriak, gaurko Ahaldun Nagusi eta EAJren izenean berrautaketara aurkezten den hautagaiak, Lekeition egin nahi duen labar artearen interpretazio zentroaren helburu nagusiak. Helburu bi eta proiektu bat, bat egiten dutenak are erronka orokorragoa lortzeko: Bizkaia herrialde orekatua izan dadin, eskualdeen arteko ezberdintasunik gabe, udalerri guztiak berdinak izan daitezen.
Rementeriak proiektu honen berri eman du gaur goizean, EAJk Markina-Xemeinen egin duen mitinean. Rementeriaren ondoan izan dira Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea eta Luis Egurrola alkategai jeltzalea. “Gizateriaren altxor bat daukagu hemen. Armintxe, Santimamiñe eta Atxurra kobazuloez ari naiz. Labar artea gordetzen duten 16 kobazulo ditugu Bizkaian. Mundu mailako erreferente bat gara eta altxor hori balioetsi behar dugu, besteekin partekatu behar dugu. Eta horretarako, erreferentziazko zentro bat behar dugu, eta hementxe egingo dugu, Lea Artibai eskualdean”, esan du hautagai jeltzaleak zentro berri honetaz. Paleolitiko aroko arte lanak gozatzeko aukera emango du eta topagunea ere izango da hainbat diziplina zientifikoren eskutik labar artearen inguruan bilduko den ezagutza partekatzeko.
Unai Rementeriak era berean ekarri du gogora Bizkaiarako daukan proiektuaren ardatz nagusietako bat, kostakoa, alegia. Horien artean aipatu ditu Gaztelugatxeri emango zaion bultzada, Bermeoko portua biziberritzeko proiektua, Lemoizko zentral zaharreko orubeak Bizkaiarentzat berreskuratzea eta kostako eskualdeetako konexioak hobetzea.
Hautagai jeltzaleak era berean balioetsi ditu Lea Artibai eskualdean garraio esparruan egin dituen hobekuntzak, eskualde honetako herritarren kezka nagusienetako bat delarik. Ildo beretik iragarri du errepidea hobetzeko bigarren fasea lantzen ari direla, Bizkaibusen maiztasunak hobetu direla eta autobus zuzen gehiago jarri direla. “Markinako saihesbidearen proiektuarekin gaude, herriguneko trafikoari irtenbide bat emango diogu, hau da, Etxebarriatik aterako ditugu kamioiak eta ibilgailu astunak. Proiektu honetan lan egin behar dugu udalarekin, baina orain arte ezinezkoa izan da Bildurekin”, esan du Rementeriak. Eta konbentzituta esan du Luis Egurrola, EAJ-PNVko hautagaia, Markina-Xemeingo alkatetzara iristen bada, proiektu hau errealitate bihurtuko dela.
Rementeriak diskurtsoa amaitu du boto bakoitzaren garrantziari buruzko hausnarketa eginez: “2015an Bilduk eta independenteek Plentziako alkatetza kendu ziguten bi botorengatik; Mallabian, hiru botorengatik irabazi genuen; Mañarian bi botorengatik galdu genuen, eta Barakaldon 65 botorengatik irabazi genuen. Boto bakoitzak balio handia dauka. Inor ez dadila damutu botoa ematen joan ez delako. Bizkaiaren alde bozka ezazue, bozka ezazue EAJren alde”.