Rementeriak itsasadarra bihurtu nahi du Bizkaiaren hirugarren iraultzaren ardatz, bere inguruetara eramanez Bizkaiak bizi izan duen eraldaketa

Hautagai jeltzaleak proposatu du Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako proiektu eraldatzailea, erakunde maila guztiak inplikatzea aurreikusten duena jarduera ekonomiko eta komertzialak sustatzeko eta kirol, kultura, aisia eta etxebizitza arloko esparruak sortzera begira
11 Maiatza | Bizkaia

Itsasadarra izan da Bizkaiak bizi izan dituen aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalen ardatz nagusia. Bere inguruan sortu zen Iraultza Industrial handia. Eta, orain, EAJ-PNVk ahaldun nagusirako proposatzen duen hautagaiak, Unai Rementeriak, itsasadarraren inguruetara eraman nahi du Bizkaiko hirugarren iraultza, eraldaketa prozesu horren ardatz bihurtuta, hau da, aukeren etorbidea izan dadila, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuko duen prozesu eraldatzailearen bidez, erakunde maila guztien inplikazioarekin, jarduera ekonomikorako eta aisiarako, kultura eta kirolerako esparru berriak sortzeko. Bilboren eraldaketa handia ekarri duen ereduan oinarritutako proiektua, hain zuzen.

“Etorkizunerako proiektu bat da, hainbat urtetan garatu beharko dena, lan handia eskatuko duena. Prozesu eraldatzailea, prozesu ona Bizkaiarentzat eta itsasadarraren inguruan bizi diren herritarrentzat. Proiektuz betetako proiektu handia da: itsasadarraren azpiko tunela, jarduera ekonomikoak kokatzeko gune berriak, aisia, kirol eta kulturarako gune berriak, bidegorriak, berdeguneak, ur-praktiketarako guneak. Amets egiteko eskubidea daukagu, aukera ere bai. Eta aurrera eramateko lantalde bikaina ere bai”, nabarmendu du Unai Rementeriak.

Euzko Alderdi Jeltzaleak proiektu honen bidez lortu nahi duen helburu nagusia da Bizkaia itsasadarrari begira bizi dadila, asmo handiak izan ditzala, Guggenheim museoaren erara Bizkaiaren enbaxadore izango diren eraikin berezi eta bitxiekin. Horretarako, dagoeneko abian jarri diren hainbat ekimen aurreikusi dira, besteak beste Artaza eta Sestao artean itsasadarraren azpian prozesu bidean dagoen tunela, Supersur errepidearen bigarren fasea eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko parke teknologikoa; beste batzuk daude diseinu prozesuan (metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramatea, metroa Bilboko hegoaldeko auzoetara edo herriak lotzeko bidegorri plana), eta beste batzuk hurrengo urteetan garatu beharko dira gaur egun narriatuta dauden guneak berroneratzeko eta gune horietan jarduera ekonomikoak eta komertzialak abian jartzeko eta aisia eta prestakuntza bizitoki-guneekin uztartzeko.

Ibilbide luzea izango duen proiektua izango da, hurrengo hamarkadetarako aurreikusten dena, eta onuradun nagusiak izango dira itsasadarraren inguruan eta Ibaizabalen inguruan kokatuta dauden herriak: Durangotik hasita, Amorebieta, Galdakao, Basauri edo Bilbao; eta Getxoraino, Barakaldo, Santurtzi, Sestao, Portugalete, Erandio, Leioa eta Abanto-Zierbenatik igaroz.

PARTEKATU