Ataun biziberritzeko proposamen zehatzak, kudeaketa eraginkorra eta elkarlana eskaintzen dizkiogu herriari

EAJren alkategaiak, Xabier Barandiaranek, Udal Hauteskundeetarako zerrenda eta herria indartzeko hamar oinarritako programa aurkeztu du
Ataun biziberritzeko proposamen zehatzak, kudeaketa eraginkorra eta elkarlana eskaintzen dizkiogu herriari
10 Maiatza | Ataun

 “Ataun biziberritu eta herritarren arteko lankidetza bultzatzeko” helburua berretsi du gaur EAJren Ataungo alkategaiak, Xabier Barandiaranek, Udal Hauteskundeetarako zerrenda eta programaren aurkezpenarekin bat. “Proposamen zehatzak, kudeaketa eraginkorra eta elkarlana eskaintzen dizkiogu herriari”, adierazi du, eta horretarako herriaren eta herritar guztien mesedetan “konpromisoa, lanerako gogoa eta esperientzia” uztartzen dituen hautagaitza eman du ezagutzera Barandiaranek. 

Herriari “bultzada sendo bat” emateko proposamen “berritzaile eta aurrerakoiak” ezagutzera eman ditu Barandiaranek. Besteak beste, erabilera anitzeko zentro edo gizarte-etxe berri bat eraikitzea, herria gurutzatzen duen errepideko puntu beltzak konpontzea, herria txukun mantentzeko ahalegina indartzea, adinekoentzako zerbitzuak hobetzea eta herriko eskola gunea bultzatzea –hizkuntzak, berdintasuna, ingurumena eta kulturgintzari lotutako ekintzekin–.

Hautagai gisa egindako aurkezpenean aipatu bezala, Barandiaranek Ataunen alde lana “gogotik” egingo duela hitza eman du. Bere jardunean, gaineratu duenez, “ingurumenaren zaintza eta konpromisoa” garatzearen alde egingo du, “herriko intereseko gaietan herritarren partaidetza” bultzatuko du, “kolektibo ahulenen mesedetan” lan egingo du eta “gizon eta emakumeen berdintasuna lehentasunezko gaia” izango da. Baita ere, EAJren hautagaiak azpimarratu du gidatzen duen lan-taldeak ataundarron arteko “elkarbizitza eta elkarlana” bultzatuko dituela bere Udaleko jardunean.

Horrez gain, EAJren programak proposatzen du legealdi hasieran Ataungo Egitasmo Estrategikoa garatzea, ahalik eta herritarrik gehienak inplikatuz; langabezia egoera bizi dutenei laguntzeko enplegu-sustapen plana; baserri bide eta herri lurretako irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen lanak; herribidean beharrezkoak diren konponketak egitea eta falta den zatiari amaiera ematea; eta dagoeneko hasita dauden etxeen eraikuntza amaitu eta hutsik dauden etxe-bizitzen alokairua bultzatzea.

Programako hamar puntuak

#1 Herritarrak udal gaietan parte hartu dezaten bultzatuko dugu. Legealdi hasieran Ataungo Egitasmo Estrategikoa garatzea proposatuko dugu ahalik eta herritarrik gehienak inplikatuz. 

#2 Alderdien arteko lankidetza eta herritarron arteko elkarbizitza sendotzeko lan egingo dugu, gizon-emakumeen berdintasuna, klima aldaketaren kontrako jarrera irmoa eta gutxien dezaketen pertsonekiko elkartasuna oinarri hartuta.

#3 Adinekoen bizitza kalitatea bermatzeko herri politikak landuko ditugu, beren garapenerako beharrezkoak diren azpiegitura eta zerbitzuak landuz eta premia gehien dutenen zaintza bermatuz.

#4 Ataundarron etorkizuna eskolako haurretan dago. Eskola gunea indartuko dugu, eskolaz gaindiko jarduerak bultzatuz: hizkuntzak, berdintasuna, ingurumena eta kulturgintza gai nagusitzat harturik.  

#5 Ataunek leku egoki bat behar du herriko kultur eta mugimendu aberatsari zerbitzu egokiak eskaintzeko. Erabilera anitzeko zentro edo gizarte-etxe berri bat eraikitzea aztertuko dugu. 

#6 Herria gurutzatzen duen errepidea hobetu eta zabaldu, seguruagoa eta erosoagoa egiteko. Puntu arriskutsuen azterketa egin eta konponketak egiteko eskaria egingo diogu Aldundiari.

#7 Langabezia egoera bizi dutenei laguntzeko enplegu-sustapen plana egitea da gure helburua, prestakuntza egoki batetara eta herri lanean sortzen den premietara bideratuz.    

#8 Ataungo lur, mendi eta basoen zaintzak garrantzi handia du. Baserri bide eta herri lurretako irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen lanak egitea proposatzen dugu.

#9 Herribidea pasealeku ederra bilakatu da azken urteotan. Ibilbide honetan beharrezkoak diren konponketak egitea eta falta den zatiari amaiera ematea.  

#10 Herriaren zahartze prozesuari aurre egiteko, etxebizitza eskaintza neurtua gauzatzea ezinbestekoa da. Dagoeneko hasita dauden etxeen eraikuntza amaitu eta hutsik dauden etxe-bizitzen alokairua sustatuko dugu. 

EAJren Ataungo Udal Hauteskundeetarako zerrenda:

1.  Xabier Barandiaran Irastorza

2.  Kontxi Sukia Garmendia

3.  Joakin Goikoetxea Goikoecheaundia

4.  Bixente Dorronsoro Mintegi

5.  Bittor Oroz Izagirre

6.  Joxan Goikoe­txe­a Etxe­berria

7.  Maria Carmen Sukia Garmendia

8.  Alberto Arellano Arrese

9.  Iñigo Kerejeta Aierbe

Ordezkoak.

1.  Juan Felipe Barandiaran Garmendia

2.  Leandro M. Imaz Mujika

3.  Fermin Arrese Arratibel

 

PARTEKATU