Olano: “Beharrezkoa da Lanbide Heziketa indartzea Gipuzkoako etorkizun industriala bermatzeko”

Markel Olano Gipuzkoako Lanbide Heziketako zentroetako arduradunekin bildu da egungo egoera aztertzeko eta LH-ren etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko.
Olano: “Beharrezkoa da Lanbide Heziketa indartzea Gipuzkoako etorkizun industriala bermatzeko”
09 Maiatza | Berria

Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia eta EAJ-PNVren berrautaketarako kandidatua, Gipuzkoako Lanbide Heziketako 34 zentroetako arduradunekin batzartu da gaur goizean Tknikan, Errenterian, baita Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailduruordearekin ere. Topaketaren helburua izan da Gipuzkoak aurrean dituen erronka sozio-ekonomikoen inguruan aritzea, LH-k egun bizi duen egoeraren inguruko ideiak eta hausnarketak partekatzea, eta etorkizuneko erronken aurrean jarduera lerroak aztertzea. Olanok baieztatu du, Gipuzkoako errealitatea kontuan izanda, “Lanbide Heziketa indartzea beharrezkoa dela Gipuzkoako etorkizun industriala eta sozio-ekonomikoa bermatzeko”.

Markel Olanok adierazi du sektore industrialak Gipuzkoako ekonomia egituratzen duela eta “gure industria indartzearen aldeko apustu sendoa egiten jarraitu behar dugula. Gipuzkoako gizarteak ekonomia lehiakorra, ezagutzan oinarritua eta dinamikoa izatea nahi dugu; etorkizunerako giltzarri izango den ekonomia bat izango duena, pertsonetan, beren ezagutzetan eta gaitasunetan oinarritua”. Lan horretan, hautagaiaren hitzetan, “Lanbide Heziketak paper erabakigarria jokatzen du” eta gehitu du LH Gipuzkoan “europar abangoardian dagoela, izan ere, elkarlanari esker, gizarte aurreratuetan estrategikoak diren erronka eta sektoreetan proiektu berritzaileak garatzen ditu”.

Zentzu horretan, bileraren lehen zatian, Markel Olanok Lanbide Heziketa etorkizuneko sektore estrategiko horien garapenean txertatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: “Oso garrantzitsua da LH-k sektore horien aldeko apustua egiten jarraitzea eta horien garapenaren parte izatea, hala nola, zibersegurtasunean, elektromugikortasunean, gastronomia digitalean edo biozientzietan”. Hautagaiak gogorarazi du Tknika eta LH-ko beste zentro batzuk etorkizuneko erronka horiek osatzeko martxan jarritako lurralde estrategietan “aktiboki” parte hartzen dutela, eta eragile “oso garrantzitsua” dela enpresa-ehunaren eskakizunak, eskaintzarekin parekatzerako garaian, baita enpresa ertain eta txikien egokitzapen teknologikoan ere.

Olanok esan duen bezala, egungo legegintzaldian, Gipuzkoako Foru Aldunditik enpresen laguntzak sendotu dira, “etorkizuneko sektoreen eta talentuaren aldeko apustu irmoa eginez: gure industria eta ekonomia indartsu mantentzeko giltzarriak”. Talentuaren gestioaren inguruan, Olanok adierazi du “LH-ren aldeko apustua egitea ezinbestekoa dela Gipuzkoako enpresen eskaria, eskaintzarekin konektatzeko”. “Profesionalez, enpresez eta erakundeez osatutako pertsona sare bat osatu nahi dugu, Gipuzkoa bizitzeko eta lan egiteko geroz eta lurralde erakargarriagoa izan dadin”. 

Helburu hori lortzeko, Olanok adierazi du beharrezkoa dela elkarlanean oinarritutako estrategia koordinatu eta bateratu bat izatea “talentua sortu, erakarri eta atxikitzeko”. LH eta formakuntza duala, enpresek euren plantilletan zenbait profil txertatzeko duten “premiari” erantzuten ari direla gehitu du. “Zentzu horretan aurrera egiten jarraitu behar dugu”, Lanbide Heziketara, eta ondorioz, Gipuzkoako industriara, “emakumeen talentua” erakartzeko “ekimen berriak” martxan jartzeko beharra nabarmenduz.

Hautagaiak balioan jarri du Gipuzkoako LH-ko zentro publiko eta pribatuek osatzen duten sare “sendoa”, “lurraldea egituratzen duelako, eskualdeetako lehen mailako eragileak direlako, eta lurraldearen etorkizuneko sektoreetan bultzatzen, indartzen eta sustatzen jarraitu behar dugun balio bat delako”. Horregatik, eta amaitzeko, Olanok azpimarratu du “lurralde osoa norabide berean lerrokatu dadin, kolaborazio logikak garatzeko guneak sortu nahi ditugu”. Zentzu horretan, Lanbide Heziketak paper erabakigarria jokatzen du enpresek behar dituzten profil horiek sortzen, eta eskaintza formatiboaren eta enpresen aldetik datozen eskakizunen arteko erlazioa estutzen. “Eskualdeekin batera Gipuzkoaren garapen sozio-ekonomikorako politikak garatzeko gobernantza eredu berri bat” edukitzearen beharra nabarmendu du hautagaiak. “Horregatik, LH sareak lurralde estrategian eta politika publikoen garapenean parte hartu dezan jarraituko dugu lanean”.

PARTEKATU