"EAJ-PNVren aldeko botoak balio hirukoitza du: udalak ondo gobernatuta, aldundiak ondo bideratuta eta Europan defendatuko gaituen ahotsa"

Talde jeltzaleak maiatzaren 26ko Udal, Foru eta Europako hauteskunde Kanpaina hasi du gaur Donostian, Vitoria-Gasteizen eta Bilbon aldi berean egin den ekitaldiarekin
09 Maiatza | EBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EAJ-PNVk “topera eta ehuneko ehunean” ireki du gaur maiatzaren 26ko Udal,Foru eta Europako Hauteskundeetarako Kanpaina. Hauteskunde hauei talde jeltzaleak aurre egingo die iragan Hauteskunde Orokorretan euskal hiritargoaren aldetik jaso zuen babesak ematen dion bultzada eta indarrarekin, EAEko hiru Herrialdeetan garaipen historikoa eskuratu zuelarik. “Euskadiko hautesleriak ulertu zuen EAJ bozkatzea dela birzentralizazioaren kontra borrokatzeko modurik onena, autogobernua babesteko, Madrilen Euskadiren interesak defendatzeko eta `derechonakoak´ geldiarazteko”, esan du gaur Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. “Baina ezin gara fidatu”, ohartarazi du Ortuzarrek Donostian  EAJ-PNVk Kanpainari hasiera emateko egin  ekitaldi nagusian. “Kontxako Banderan gertatzen den bezala, bigarren igandean ere boga egin behar dugu. Garrantzitsuena geratzen zaigu.Maiatzaren 26an asko eta asko dugu jokoan. Erabaki behar dugu hurbilen ditugun erakundeetan nor izango den,hau da, udalak eta aldundiak nork zuzenduko dituen. Eta, ez ahaztu Bruselan eta Estrasburgon euskal herritarren ahotsa izateak daukan garrantzia. Maiatzaren 26an, EAJren aldeko botoak balio hirukoitza du: ondo gobernutako Udalak , ondo bideratutako Aldundiak eta Europan ahots euskalduna, gurea defenda dezan”.

“Nos mueve Euskadi Bat Eginik” goiburupean, Herrialde bakoitzera  eta udalerri bakoitzera egokituko den leloarekin ireki du bere kanpaina EAJ-PNVk gaur iluntzean EAEko hiru hiriburuetan aldi berean egin dituen hiru ekitaldiekin. Gune nagusia Donostiako Katalunia Plazan egon da. Teknologiak eta satelite bidezko konexioek ahalbidetu dituzte hiru guneen arteko konexioak. Gorka Urtaranek eta Ramiro Gonzálezek Gasteiztik, Juan Mari Aburtok eta Unai Rementeriak Bilbotik eta Eneko Goiak eta Markel Olanok Donostiatik hitz egin dute eta Gipuzkoako hiriburuan ere izan  da Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatu eta CEUS koalizioaren zerrendaburua. Beste hainbat hautagai jeltzale ondoan izan dituztela, denek batera eman diote EAJ-PNVk udal eta foru  hauteskundeetarako  eta Europako hauteskundeetarako prestatu dituen  bi bideoak abiarazteko botoiari.

Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatuak, Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren (CEUS) zerrendaburua den aldetik, guztiei eskertu dizkie “Europaren egun honetan halako ekitaldietan jasotzen ditudan konfiantza,babesa, animoa eta laguntza”, horiek denek “aurrera egiten” laguntzen diotelako. Era berean nabarmendu du Europako hauteskundeetan EAJren alde bozkatu beharra dagoela. Kanpaina hasieraz esan duenez “buru-belarri sartuta gaude dagoeneko. Foru eta Udal hauteskundeak hurbilak dira, berehalakoak, egunerokoak. Europakoak, ordea, `beste upeleko sagardoa ´ direla ematen du”. “Baina, egia esateko, upel bereko sagardoa gara. Lantalde bat gara: EAJ. Erakunde hurbila gara, pertsonak helburu dituena. Tresna bikaina ere bagara, entzuten dugulako,  gauza bera esaten eta egiten dugulako herri txikieneko udalean eta Europako Parlamentuan. Eta, Zer egiten eta esaten dugun? Euskadik mugiarazten gaituela, Euskadiren alde eta Euskadiren zerbitzura lan egiten dugula, Euskadiko pertsonen alde, behetik gora eta goitik behera. Beraz, maiatzaren 26an, bat egitera: EAJren eredua”, amaitu du.

Eneko Goiak, Donostiako alkateak, hiriak lau urteotan izan duen egonkortasuna balioan jarri du, “aurreko legealdiko geldialdiaren ondoren, makina bat proiektu jarri ditugulako martxan”. Goiak esan duenez EAJk “kudeaketa ona egin du, elkarrizketa, entzutea, eta adostasuna ardatz hartuta”. Horregatik, Donostian aurrera egiten jarrai dezan, “abian jarritako proiektuei jarraipena eman behar diegu”.

“Bizi-kalitate hobea nahi dugu, enplegu gehiago, garraio garbi gehiago, gure auzoak gehiago zaindu”, adierazi du Goiak. Alkatearen ustez, Donostian datozen laur urteotarako zera dago jokoan, “aurrera egitea edo, bestela, atzera egitea, inposizio eta geldialdia ekarriko dituen iraganera bueltatzea, alegia”.

Diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, baieztatu du Gipuzkoa “orain dela lau urte baino sendoagoa dela gaur egun”, ekonomia eta gizarte mailan “aurrera” egin duelako. Horren lekuko, lurraldeko industria “apustuak egiten eta enplegua sortzen” ari da eta gizarte arloan, berriz, “gero eta murritzagoak dira desberdintasun sozialak” . Hala ere, “martxan” jarraitzeko beharra azpimarratu du, Gipuzkoaren etorkizuna irabazteko, “harro sentitzeko moduko” lurralde bat eraikitzen jarraitzeko. “Datozen hauteskundeetan Gipuzkoak aukeratuko du iragana ala etorkizuna; estrategia sozial eta ekonomiko eraginkor bat ala proposamenik eza, etengabe aldatzen ari den mundu batean. EAJ-PNVk eskaintzen die herritarrei hitza, eskaintzen die eraginkortasuna, elkarlana eta etorkizuna, guztion artean Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko”.

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkate eta berrautaketarako hautagaiak baieztatu du Vitoria-Gasteiz `super-hiria´ dela: “Etorkizunera begira ezinbesteko egiten zaigu Europa mailan gutxi batzuk direnen talde horretara sartzea. Tamaina erdiko hiriak dira, erreferenteak beren bizitza kalitateagatik, eskaintzen dituzten aukerengatik, beren iraunkortasun-jasangarritasun faktoreagatik  eta beren zerbitzuengatik”. Eta hori lortzen da Vitoria-Gasteiz Agenda garatuaz, EAJ-PNVk  Gasteizen lideratzen duen eta praktikara eramaten duen agenda. “Agenda horren oinarrian dago hiriaren interesak defendatzea eta akordioak eta adostasunak bilatzea proiektu zehatzak aurrera eramatera begira: Abiadura Handiko trena lur azpitik sartzea, Tranbia Salburuara eta Zabalganara eramatea, Bus elektriko adimenduna abian jartzea edo gure hirian egiteko ekitaldi eta jarduerak erakartzea. Hori da Vitoria-Gasteiz agenda, hiriaren etorkizuna markatzen duen agenda”, aldarrikatu du Gasteiztik.

Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusi eta berriz ere hautatua izateko aurkezten den hautagaiak, bere aldetik, Herrialde osoak lau urte hauetan eman dituen aurrerapausoak ekarri nahi izan ditu gogora, eta baieztatu du EAJ-PNVk hurrengo legealdirako daukan proiektua dela Araba “bizitza kalitatea, berrikuntza eta abangoardia” uztartuko dituen herrialdea izan dadila. “Euzko Alderdi Jeltzaleak proiektu bat dauka gure ekonomiak hazten jarrai dezan, enplegu gehiago sortzeko, 10.000 lanpostu gehiago, hain zuzen. Pertsonekin eta beren bizitza kalitatearekin ere hitzemanda dago. Proiektu bat dauka gure zerbitzu sozialak, beren lidergoa berreskuratuta, are hobeak izan daitezen, eta gure herriak bizirik egon daitezen, eta horretarako teknologiak berritzaileenak eramango ditugu gure herrietara”, nabarmendu du.

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkate eta berrautaketara aurkezten den hautagaiak aldarrikatu duenez “alkate honek eta Bilboko EAJ-PNVko emakume eta gizonok ondo baino hobeto dakigu zer nahi dugun eta nola egin nahi dugun. Egitasmo bikaina dugu, eta estilo paregabea. EAJren estiloa”, baieztatu du. Era berean nabarmendu duenez “hiru aste ditugu Bilboko hiritar izateaz harro egoten jarraitu nahi duten milaka pertsonen konfiantza lortzeko, denon artean etorkizuneko Bilborik onena egiteko,  EAJ-PNVko emakume eta gizonez harro egoteko, gure Botxoa gure indar guztiekin defendatuko dugulako edonon eta edonoren kontra  egin behar badugu ere”.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta EAJ-PNVren ordezkari gisa berrautaketara aurkezten den hautagaiak azpimarratu du bere lantaldeak Bizkaia osorako proiektua duela eta,gainera, azken lau urteotan eginiko kudeaketaren abalarekin. “Egindako lanen orria beteta dago: egitasmoaren %96 a bete dugu, 30.000 langabe gutxiago ditugu duela lau urteko datuekin alderatuta, urte bakoitzean 117.000 pertsona artatu ditugu, gaigabetasuna dutenak, nagusiak eta beharrean dauden emakumeak. Etorkizun bat  aurreikusita daukagu Bizkaiarentzat, proiektu eder-ederra Bizkaiarentzat. Kosta paregabea gara, itsasadarra eta berdea gara, natura. Hauxe da Bizkaia. Eta proiektuak ditugu kostarako, itsasadarrerako eta Bizkaia berderako”, azaldu du.

PARTEKATU