Juan Mari Aburto EAJ-PNVren Bilboko Alkatetzarako hautagaiak Bilboko Udalerako hautagai-zerrenda aurkeztu du gaur Areatzan. Ekitaldian, Aburtorekin batera agertu dira etorkizuneko udal taldea osatuko duten emakumeak eta gizonak, udal kudeaketarako prestakuntzaz eta esperientziaz hornitutakoak. Juan Mari Aburtok honelaxe aurkeztu du bere burua: “% 100 EAJren estilokoa. Eta ohore osoz!!!”. Eta lantaldeaz hitz egitean, “Eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen dituen taldea” dela esan du, “talde prestatua, zintzoa eta konpromisoduna. Balio sendoetan trebatutako talde euskalduna, Bilbokoa izatearen eta gure auzoetakoa izatearen harrotasunari atxikitakoa. Bilbotar guzti-guztien zerbitzura lanean jarraitzeko eta ahalegin eta ardura osoz jarduteko prest dagoen taldea. Gure auzokideei entzunez une oro.”
Aburto eta bere taldea prest daude etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Hautagai jeltzaleak aitortu duenez, indartsu, pozik eta ilusioz beteta dago, eta batez ere, “den-dena Bilboren alde emateko prest. Eta bilbotar guztiekin, bilbotar guztientzat eta bilbotar guztien mesedetan egin behar dugu”. “Pertsona guztientzako kalitatezko zerbitzuak dituen hiri berri, aktibo, moderno eta erakargarria diseinatzeko prest gaude.” Horretarako, Bilboko Alkatetzarako berrautatzeko hautagaiak Agintaldi honetan Hiriko Alkate bezala ardatz izan dituen hiru balio nagusiak eskaini ditu berriz ere: “Hurbiltasuna, konpromisoa eta erantzukizuna. Eta beste, nik neuk sortutakoa: Lana, lana eta lana. Urteko 365 egunetan. Eguneko 24 orduetan. Hori da Bilboko Alkatea izatea. Honelakoa naiz ni: Juan Mari Aburto Rike”.
Agerraldian, agintaldian gauzatutako itunak garatzeko konpromisoa berretsi du: Segurtasunaren aldeko Ituna, Auzoen aldeko Ituna, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Ituna, Gizarte Politiken aldeko ituna, alegia. “Asmo handiz jokatuko dugu -gaineratu du- AHTa eta Zorrotzaurreko uhartea bezalako proiektuen bitartez, Bilbo unibertsitate hiria izan dadin, ekintzailea, euskalduna, merkataritzaz eta aisialdiz betetakoa, urteko 365 egunetan kultura pil-pilean duena”. Gainera, Aburtok argi utzi du, Bilbo partekatutako balio sendoak dituen hiria izatea nahi duela, balio guztien artean emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna nabarmenduz.
Den-dena ematea Bilboren alde
Horren kariaz, Aburto helburu handi bati oratuta agertu da Bilboko gizartearen aurrean: “Lanean jarraitzea pertsona guztientzako eta auzo guztientzako Bilboren alde eta jarduera ekonomikoa, enplegua eta merkataritza haztearen alde. Zuen bizi-kalitatea hobetu eta Bilboren etorkizuna diseinatu nahi dugu”. Hautagai jeltzalearen hitzetan, “etorkizuna bihar da, baita ondorengo belaunaldiena ere, 2030ekoa, 2050ekoa eta ondorengoaren ondorengoa”.
Juan Mari Aburtok adierazi duenez, “inoiz baino indar, ilusio eta gogo gehiagorekin den-dena eman behar dugu Bilboren alde. Konpromisoari eutsiz, Bilbokoak Izatearen Harrotasunaz. Bilboko emakumeez eta gizonez harro gaude, Bilboko auzo guzti-guztien nortasunaz... eta bilbotarrek emandako konfiantza berritu nahi dugu”.