EAJ-PNVk Bizkaia osoa hobetzeko proiektua aurkeztu du herrialdearen nortasuna definitzen duten hiru ardatzak oinarri harturik: kosta, itsasadarra eta naturaren berdea

Unai Rementeria, ahaldun nagusirako hautagaiak azaldu ditu hiru ardatz hauetan aurreikusten diren ekimenetako batzuk. Besteak beste Gaztelugatxeri eman nahi zaion bultzada, Lemoizko zentral zaharra Bizkaiarentzat berreskuratzea, metroa Galdakao-Usansoloko Ospitalera eramatea, tokian tokiko merkataritza bultzatzeko ‘on line‘ salmentak eta ‘Herri txiki, aukera handi‘ programa, udalerri guztiek zerbitzu publiko berberak izan ditzaten; era berean bilatzen da narriatuta geratu diren guneak berreskuratzea eta jarduera ekonomikorako gune berriak garatzea, besteak beste Ezkerraldea-Meatzaldea eskualde mailan Abanto-Zierbenan egingo den industrialdea, Bilboren eraldaketa prozesua itsasadarraren inguruko herrietara eramanez eta BBVa Dorrean ekintzailetzarako nazioarteko zentroa abian jarriz.
03 Maiatza | Bizkaia BBNN

Unai Rementeriak, Bizkaiko foru ahaldun nagusi eta EAJ-PNVren izenean berrautaketara aurkezten den hautagaiak gaur aurkeztu du jeltzaleek datorren legealdira begira Bizkaia osorako daukaten proiektua. Aurkezpena ez da toki batetara mugatu eta jeltzaleek Bizkaiko eskualde guztietatik igaro dira gaur EAJ-PNVk lau hauteskunde barrutietako eta herrietako hautagaiak Gernika, Goiuria, Portugalete eta Bilbora eraman dituen bidai laburrean. Aurkezpen honetan aldarrikatu dute Bizkaia hobetu nahi dutela herrialde honen nortasuna definitzen duten hiru ardatzak abiapuntutzat hartuta: kostaldea, itsasadarra eta Bizkaia berdea, natura. “Denok gara Bizkaia, txikiok eta handiok. Bizkaiak etorkizuna dauka, proiektu eder-ederra daukagu herrialde honentzat. Horregatik, Bizkaia osoan egon nahi dut gaur, eskualde bakoitzera joan eta etorkizunerako daukagun proiektua azaldu. Denok partekatzen dugun erronka da eta denok gara beharrezko. Ez dugu Bizkaia aldatu nahi, hobetu nahi dugu. Eta egin egingo dugu garenetik hasita, garenaz harro gaudelako: kosta ikusgarria, itsasadarra; berdeguneak, natura. Hori da Bizkaiaren oraina eta etorkizuna”, nabarmendu du.

Jeltzaleen proiektua egituratzen da orain arte bezala “normaltasun osoz eta gatazkarik gabe” lan egiteko konpromisoak lotzen dituen ardatzen inguruan, eta “azken lau urteotan gobernu programaren %96 bete izanak uzten digun abalarekin”. 117.000 pertsona artatu ditugu, batzuk nagusiak, beste batzuk ezinduak eta beste batzuk arazoak dituztenak, eta langabezia tasa beheratu dugu, ia 30.000 langabe gehiago daude. “Kopuru garrantzitsuak dira, baina ez gaude konforme. Langabezia tasa gehiago jaitsi behar dugu, enpleguak egonkortu behar ditugu. Bizkaia apur bat hobeto dago, martxan dago. Eta funtzionatzen duena ez da ukitu behar. Konforme ote gauden?. Ez, sekula ere ez. Hobetzen jarraitu behar dugu, beti. Eta hobetu egingo dugu, hori zalantzarik gabe”, azpimarratu du Rementeriak.

Hautagai jeltzaleak era berean azaldu ditu EAJ-PNVk bere proposamenaren ardatz nagusien inguruan planteatu dituen proiektu batzuk. Kosta da EAJ-PNVrentzat “aukera bat kostaldearentzat eta Bizkaia osoarentzat”. Epizentroa Gaztelugatxen jarrita, ibilbide berdea egingo da Bermeo, Matxitxako, Doniene eta Bakioren artean, irisgarritasuna hobetuko da eta eraikin berezi bat egingo da bisitarientzat. Halaber, eskualde honetan ere, Bermeoko portua biziberritzeko lana egingo da, Bilboko portua finkatuko da herrialdearen motore ekonomiko gisa, Lekeitio-Lea Artibai eskualdean labar-arterako gunea egingo da, herrialdearentzat Lemoizko antzinako zentrala berreskuratuko da, trena, Bizkaibus eta txirringa uztartzeko proiektu pilotua bultzatuko da Bermeo-Gernika- Bilbao linean; Lea Artibai eskualderako sarbideak hobetzen jarraituko dira eta Espainiako gobernuari presio egiten jarraituko dugu Europatik funtsak lor ditzan Sollubeko tunelak egitera begira.

Bizkaia berdea izeneko ardatzean jasotzen dira mugikortasun berria planteatzen duten jarduerak, trena eta metroa herrialderako ardatz nagusi gisa hartuz eta txirringaren aldeko apustua eginez; tokian tokiko merkataritza eta kalitatezko produktuak bultzatuz eta Interneten desafioaren aurrean sektore hau lagunduz. Garatu nahi diren ekimenen artean EAJ-PNVk aurreikusten du metroa Galdakaora eta Usansoloko Ospitalera eramatea, herrien arteko bidegorriak egitea, Amorebieta-Durango artean egingo dena bezalakoa, Bizkaia mailan on-line salmentetarako ataria abian jartzea ‘Herri txiki, aukera haundi’ programa abian jartzea Bizkaiko herri txikienek beste herriek dituzten zerbitzu publikoak edo internet sarea izan dezaten: “Bizkaian denok izan behar dugu lehen mailako pertsonak eta herriak. Tamaina ezin da desberdintasun faktore izan, Bizkaia denon artean egiten dugulako. Bizkaia denok gara, herrialdeko herri txiki-handiak ere”, azaldu du Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak.

Rementeriak era berean nabarmendu du itsasadarrak izan behar duela herrialdeak bizi behar duen hirugarren iraultzaren protagonista nagusia. Bilbok bizi izan duen eraldaketa arrakastatsua itsasadarreko udalerri guztietara eraman nahi dute jeltzaleek, hau da, Durangotik hasita eta Santurtzi eta Getxoraino. “Itsasadarrari begira bizi gaitezen berriro, narriatuta geratu diren guneak biziberrituz, ibilbide berriak eginez, jarduera ekonomikorako eta merkataritzarako gune berriak eginez, Abanto-Zierbenan Ezkerraldea eta Meatzaldea osorako egingo den industria parkea bezalakoa; kulturaren epizentro berriak eginez, ezagutza, aisia, kirol guneak, etxebizitza bereziekin eta mugitzeko era berriekin, Artaza eta Sestao artean egingo dena bezalakoa, Abanzada, Rontegi eta A-8 errepidea kolapsatuta dituen trafiko-korapiloak askatzea lor dezagun”, azaldu du.
Hautagai jeltzaleak era berean nabarmendu nahi izan du etorkizuneko Bizkaiak “industriala izaten” jarraitu behar duela “erreferentzia izaten jarrai dezagun automozioan, energian, argindarrean edo gastronomian. Enplegua sortuko duten enpresak nahi ditut, zergak ordainduko dituztenak, zerga horiekin gure bizitza kalitateari eusterik izan dezagun, hau da, metroa, eguneko zentroak, eskola kirola… eta hori gerta dadin ekintzaileak babestu behar dira. Horretarako irekiko dugu ekintzailetzarako nazioarteko zentroa”. Zentro hau kokatuko da BBVA dorrean, eraikin enblematiko batean, Bizkaia mailan garai ekonomiko onaren sinboloa izan den tokian.

PARTEKATU