“Gipuzkoako gizartea eta ekonomia sendotzen jarraitzeko, industria eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustuari eutsi behar diogu”

Diputatu nagusirako EAJ-PNVren hautagaiak, Markel Olanok, lurralde lehiakor eta kohesionatua eraikitzen jarraitzeko beharra aldarrikatu du gaur Eibarren
“Gipuzkoako gizartea eta ekonomia sendotzen jarraitzeko, industria eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustuari eutsi behar diogu”
02 Maiatza | GBB

Lurraldea “alor sozialean eta ekonomikoan” sendotzen jarraitzeko “modu bakarra” industriaren eta kalitatezko enpleguaren “apustu sendoa” egitea dela aldarrikatu du gaur Eibarren Markel Olanok, diputatu nagusirako EAJ-PNVren hautagaiak, Markel Olanok. “Hori da, hain zuzen ere, Gipuzkoa sendotzeko aukeratu dugun bidea. Inoiz baino gehiago bide horri eutsi behar diogu, lurraldeak ekonomia lehiakorra eta gizarte justu eta kohesionatua izan ditzan”, adierazi du.

Urkizuko parkean gaur goizean egindako ekitaldi politikoan, Eibarko Udalerako EAJ-PNVren hautagaitzaren –Josu Mendicute da alkategaia– aurkezpenean hartu du parte gaur Olanok. Bertan elkartutako alderdikideen aurrean, Olanok baieztatu du Gipuzkoa “orain dela lau urte baino sendoagoa” dela gaur egun, “ekonomia eta enpresen aktibitatea suspertu egin delako, desberdinkeria gutxitu egin delako eta langabezia tasak behera egin duelako” %8 inguruko zifretara, 2014an %14ko bazen ere.

“Baina ez da nahikoa, ezinbesteko dugu lanean jarraitzea eta lanpostu gehiago eta kalitate hobeagokoak sortzeko gure eskuetan dagoen guztia eginetz. Herritarrek hala eskatzen digute gainera. Gazteriari esperantza eman behar diogu, askotan prekarietate egoeran baitago”, adierazi du.

Langileen Nazioarteko Egunean, EAJ-PNVko hautagaiak nabarmendu du alderdi jeltzaleak kalitatezko enpleguaren alde egiten duen apustu “sendoa”. Azaldu duenez, legealdi honetan herritarrei emandako hitza bete du foru gobernuak, ekonomiaren suspertzea “lehentasun nagusi gisa” jarrita. “Ekonomia biziberritzeko ekarpen handia egin da, hobekuntza hori pertsona guztiengana eta eskualde guztietara zabaldu dadin, eta etorkizuneko sektoreen oinarriak lurraldeari lotzeko”, gogorarazi du. Horren lekuko, Ekonomia Suspertzeko Plana, zeinetara bideratu diren urtero 50 milioi, eta Elkar Ekin plangintza, zeinak lehen aldiz lerrokatu dituen erakundeak, enpresak eta hirugarren sektoreko elkarteak kolektibo ahulenen lan munduratzea sustatzeko eta lan munduko prekarietateari aurre egiteko.

Testuinguru horretan, Olanok aldarrikatu du “pertsonak erdigunean” jarriko dituen ekonomia bat eraikitzen jarraitzeko beharra. Gaineratu duenez, Gipuzkoa “aitzindaria” baita horretan, “langileen partaidetza eta elkarlana” bultzatzen duen ekonomia eta enpresa ehuna baititu. “Gipuzkoako enpresa ereduak zalantzarik gabe oinarrian ditu pertsonak, beren berrikuntzarako gaitasuna eta talentua, horixe delako lehiakortasunaren oinarri nagusia. Gipuzkoan gero eta enpresa gehiagok langileen partaidetzaren alde egiten dute, ez bakarrik kudeaketan, baita jabegoan ere. Euskal kooperatibismoa da eredu horren ikur nagusia”, gogoratu du.

Diputatu nagusirako EAJ-PNVren hautagaiak, hala ere, ohartarazi du Gipuzkoak ezin duela “geratu” industriaren aldeko apustuan, sektore hori delako “ekonomiaren motorra” eta kalitatezko enpleguaren “sorburu nagusi”. “Gipuzkoako ekonomia indartzen jarraitu nahi badugu, pertsona guztien ongizatea hobetzen, beharrezko ditugu gure enpresak, beharrezko dugu hauek lanpostu gehiago eta kalitate hobeagokoak bultzatzea. Hori da eraikitzen ari garen Gipuzkoa sendoa, ekonomikoki lehiakorra eta sozialki justua”, dei egin du.

Eibarko ekonomiari bultzada berri bat

Olanok nabarmendu duenez, Eibarrek badu bere “ekonomia eta industria indar berriz bultzatzeko” premia, hiri armaginaren historia markatu duen izaera industrial hori atzera “lehen lerroan kokatzeko”. EAJ-PNV, hain zuzen ere, “ekonomia eta enpleguari lehentasun osoa” emateko bermea da, aurreko legealdi honetan Eibarren bertan erakutsi bezala.

“Azken hauteskunde orokorretan, sortu den zarataren erdian, esate baterako, inork gutxik hitz egin du ekonomia eta lanpostu berriak sustatzeko neurriez. EAJk bai, EAJ etengabe horretan ari gara. Eta orain Estatuan hauteskunde emaitzei buruz bakarrik ari diren bitartean, hemen, Gipuzkoan eta Euskadin, martxan jarraitzen dugu, geratu gabe, gure lurraldeko ekonomiaren etorkizuna bermatuko duten apustu sendoak egiten jarraitzen dugu”, aipatu du.

Olanok aurreratu duenez, gainera, EAJ-PNVk segiko du datozen hauteskunde kanpainan, ekonomia eta enplegua bultzatzeko neurriak sustatzen, proposamen berriekin. Dela industriari bultza egiteko, dela gure enpresen modernizazioa bultzatzeko, dela pertsona erdigunean jartzen duten enpresa ereduak sustatzeko, dela enpresa txiki eta ertainak laguntzeko, dela elkarlana eta ekintzailetasuna bultzatzeko.

“Datozen hauteskundeetan Gipuzkoan jokoan egongo da lurraldeko ekonomia eta kalitatezko enpleguaren sorrera sendotzen jarraitzea, edo azken lau urteotako ibilbidean atzera egitea. Eibarren eta Gipuzkoa osoan gure industria, ekonomia eta kalitatezko enpleguaren aldeko lana EAJ-PNVren eskutik etorriko da”, proposatu die herritarrei, eta horretarako aldarrikatu du “herritar guztiekin, erakunde guztiekin eta enpresa zein eragile ekonomikoekin elkarlanean jarraitzea, desafio horri aurre egin eta Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko.

“Erreakzio demokratikoa”

Gaur egungo diputatu nagusiak, baita ere, hauteskunde orokorretako emaitzak baloratu ditu. Adierazi duenez, gipuzkoar gizarteak “erreakzio irmo eta demokratikoa” izan zuen joan den igandean, “populismo xenofoboa eta muturreko zentralismoa” zabaltzeko arriskuaren aurrean. “Olatu horren aurrean Gipuzkoa sendotzearen beharraz mintzatu gara azken asteotan. Horregatik pozik egoteko moduan gaude, herritar bezala, gizarteak erakutsi baitu ez duela inboluzio politiko edo sozialik onartzen, gure autogobernuaren eta erakundeen alde egiten duela, eta gizarte gaietan aurrera egiten jarraitu nahi duela”, gogoeta egin du.

Gainera, Olanok irakurketa oso positiboa egin du EAJ-PNVk lortutako emaitzen inguruan, lurraldean botu gehien lortu duen formazioa izan baita eta, beraz, gorago aipatutako “erreakzio demokratikoaren buru” izan delako. Bere iritziz, gizarteak babestu du azken legealdian bere alderdia erakundeetan egiten ari den “lan serio eta eraginkorra”, zein autogobernuaren eta erakundeen defentsan duen “sinesgarritasuna”.

Horregatik, hilaren 26ko udal eta foru hauteskundeak “aukera berri bat” eskainiko dute “Eibar eta Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko” eta lurraldeak bere osotasunea “etorkizunera begira jarraitu dezala” erabakitzeko.

Eibarrek behar duen aldaketa

EAJ-PNVren alkategaiak, Josu Mendicutek, zerrendakideak aurkeztu ditu jendaurrean. Beren konpromisoa eskertu die eta lan talde “sendoa” aurkezten duela azpimarratu du, pertsona “zintzo, langile, umilez” osatua, “ilusioa eta balioak” dituena eta, batez ere, “Eibar maite dutenak, eibartar peto-petoak”.

Mendicutek erabateko determinazioa erakutsi du “bizitzeko eta lanerako Eibar hobe bat” eraikitzeko, “aberatsagoa eta justuagoa” izango dena. Horretarako, gaineratu duenez, aurre egin behar zaio “prekarietateari, errenta mailaren jaitsierari, segurtasun falta eta auzoen abandonoari”. Eibarko zerrendaburuak gogoratu du langabezia %12koa dela hirian, lurraldean baino %50 handiagoa. “Eibarko taller eta industria berraktibatu behar ditugu. Horretarako lan egingo dugu, industria zorua sortuz, garapen teknologikoa eta kalitatezko enplegua bultzatu”, berretsi du.

“Gure hiriak aldaketa behar du, aldaketa lasaia eta segurua. Kultura politiko berri batean oinarritutako aldaketa, Eibarko gizartearen pluraltasuna onartu eta ulertzen duen aldaketa”, proposatu du. Horretarako hainbat konpromiso zerrendatu ditu EAJ-PNVko hautagaiak: lanpostu gehiago eta kalitate hobeagokoak, aparkamentuak, pertsonentzat pentsatutako espazioak, gazteria politika sendo bat, adinekoentzako hiri lagunkoia, hiri osasuntsua eta kirolzalea eta eibartar identitatea sendotzea´. “Hiria etorkizun hobeago baterantz gidatu nahi dugu. Proiektu argia dugu, EAJ-PNVe ereduan oinarritua, badakigu entzuten eta prest gaude Eibarrek behar duen aldaketaren alde gau eta egun lan egiteko”, laburbildu du.

Eibarko zerrenda:

1. Josu Mendicute Rodriguez.

2. Alberto De La Hoz Gorriti (Independiente).

3. Maria Mercedes Garate Larrañaga (Independiente).

4. Maria Elena Ibañez Anuncibay.

5. Jon Perez Illana.

6. Amaia Albizu LLubia (Independiente).

7. Iker Laka Barandika.

8. Lander Abarrategi Agirre.

9. Igone Lazpita Aguirregomezcorta.

10. Isabel Elorza Aranzabal.

11. Asier Feijoo Sedano.

12. Ane Abarrategui Baamonde.

PARTEKATU