“Oiartzun herri desberdina izaten jarraitzea nahi dugu, berezia, erakargarria, baina garai eta errealitate berriei adi dagoena, irekia eta soluzioak bilatzen dakiena”. Hori adierazi du Rafael Bergaretxek, Oiartzungo EAJ-PNVren alkategaiak, gaur eguerdian egindako ekitaldian, Oiartzungo EAJ-PNVk maiatzeko udal hauteskundeetarako osatu duen zerrenda aurkezteko. Bertan babesa ematen izan dira Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, eta Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua. Bergaretxek bere esker ona adierazi die Oiartzungo EAJ-PNVren zerrenda osatzen duten pertsonei, eman duten “aurrerapausoa eta erakutsi duten konpromisoagatik Oiartzunen alde gogor lan egiteko, entzuten jakinez eta elkarbizitza bultzatuz”.
Oiartzungo bizikidetza mintzagai harturik, Bergaretxek oroitarazi du batzuetan “errazagoa” dela esatea gauzak “nolakoak ez izatea nahi genukeen”. “Eta horrexegatik esaten dugu ez zaigula inposizioa gustatzen, nahiz eta gehiengoen eta gutxiengoen arteko jokoa ulertzen dugun. Ez dugu gogoko inork espazio publikoa, kale eta plazak eta eraikin publikoak beretzat hartzea, edozein dela ere. Eta ez dugu gogoko herritarrentzat hain garrantzitsuak diren gaietan, Atez Ateko zabor-bilketan, esate baterako, itxikeriaz eta ukazio politikoaz jokatzea”.
Bergaretxeren hautagaitza bermatuz, Oiarbide diputatuak azpimarratu du Bergaretxe alderdikide “estimatua” duela, “gorabeherarik gabeko abertzale sendoa, herrigintzaren aldekoa, langile fina eta Oiartzungo beharrak ongi ezagutzen dituena”. Maite Peñak, aldiz, nabarmendu du Bergaretxeren “lan gaitasun handia eta kudeaketa”, baita ere bere “hurbiltasuna eta gaitasuna jendeari entzuteko”.
Bestalde, diputatu modura Oiartzunen egindako lanen gainean, Oiarbidek gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu bide berri bat eraiki duela Lintziringo parean, Oiartzundik pasatzen den GI-636 errepidean. “Izan ere, lehen zuzenean egiten ziren inkorporazio horiek, horrek zekarren arriskuarekin, errepide honen batez besteko trafiko intentsitatea eguneko 38.000 ibilgailukoa baita, Gipuzkoako altuenetakoa”.
Bere hauteskunde programari erreparatuta, Bergaretxek nabarmendu du Oiartzunek badituela aurrean “erronka handiak”, eta luzamenduetan ibili gabe “ekin beharrekoak”. “Esaterako, Udaletxetik egin daitekeen, neurrian indarkeria eta biolentzia modu guztien kontra egingo dugu, aurre egingo diegu erasotzaile klase guztiei, abusatzaileei, tratu txar emaileei”.
Zabor-bilketa sistema eraginkorragoa
Era berean, Oiartzungo alkategai jeltzaleak esan duenez, “herri garbiago eta zainduagoa” nahi dute, eta horretarako zabor-bilketako sistema “eraginkorrago eta iraunkorrago” baten alde egingo dutela apustu, Atez Ateko Bilketa sistemak dakarzkien “muga, lotura eta deserosotasunak atzean utzita”.
Bestalde, Bergaretxek aurreratu du Urkabe Baita ireki eta parke publiko bihurtuko dutela. “Orain dela 16 urte udalak eskuratutako etxaldea oiartzuarrontzat itxita egon da harrezkero, eta hala segitzen du. Batzuen batzuek, ordea, beren esku dute eta hala erabiltzen dute, nahi bezala, berek bakarrik.
Mugikortasuna ere hizpide izan du EAJ-PNVren alkategaiak. “Gure herrian behar bezala antolatu gabeko kontua da: trafikoa, errepideak, garraio publikoa, aparkalekuak, intermodalitatea oso gutxi landu eta garatua. Espazio berde eskasia benetan, eguneroko bizitzan –Oiartzun berdean izanik ere–.
Mugikortasunarekin jarraituz, aurreratu du garraio Plan bat bultzatuko dutela inguruko herrietara eta Donostiara “orain arte baino azkarrago eta erosoago ailegatzeko”. “Izan ere, zerbitzua oso motela da eta eraginkortasun gutxikoa”, argudiatu du Bergaretxek, zeinak gogorarazi duen auzo batzuetan, maiz, “aparkatzeko arazo handiak sortzen direla. Horregatik beharrezkoa da estudio bat egitea zer premia dauden, orduetan zer gorabehera dauden neurtu, eta, auzoetako arazoak arintzeko hartu behar diren erabakiak hartzeko”.
Bestalde, lanbidez irakasle den Bergaretxe hautagaiak aurreratu du “ardura berezia” izango dutela “gure zaharren, biztanleen gero eta proportzio handiagoa diren gizon eta emakume adin nagusikoen, ongizatean eta arretan”. Zentzu horretan, Maite Peña diputatuak esan du Gipuzkoak “bide orria” duela zahartzearen “erronkari aurre egiteko”, baina bestetik hori ere “aukera bat” ere badela zahartze osasuntsuaren alde apustu egiteko, “gipuzkoarren bizi kalitatea hobetzeko”. Eta gaineratu du Oarsoaldea “ekosistema bat” bihurtuko dela Adinberriko “arreta eredu berriak probatzeko”. Adinberri zahartzearen inguruko erreferentzia zentroa izango da, eta lankidetzaren emaitza da, hau da, erakundeak, hirugarren sektorea, eragile berritzaileak eta arlo biosanitarioaren artekoa.
Bergaretxek aldarrikatu du EAJ-PNVren ordezkariek Oiartzunen eta Euskadin “beti erakutsi izan duen zintzotasun eta sendotasunaz ariko garela udaletxean lanean. Lehen, 36ko gerra aurreko, gerrako eta gerra ondoko, eta frankismoko garai gogor eta zailetan, eta geroago, orainago, biolentziak eta indarkeriak tregoarik ematen ez zuen urte luze ez errazagoetan egin izan duen bezala”.
Amaitzeko, Bergaretxek esan du hauxe dela EAJ-PNVren hautagaion helburua: “oiartzuarrak ongi izatea, eta udal gobernuak ongi egitea lan, ongi aritzea herritarren zerbitzura, zeren jakitun baikaude beraien arazo eta kezkekin. Horren harira, Udaletxetik lehentasuna emango diogu herritarron arteko harremanak eta elkarbizitza errespetuz eta gizalegez berritu eta oneratzeko ahaleginari. Horrekin batera, etorriko diren arazoei eta errealitate berriei aurrea hartuz jokatu behar dugu”. Eta erantsi du “beti” ahaleginduko direla Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin “elkarlanean aritzen, aurrean agertzen zaigun panorama horri guztiari fundamentuarekin heldu diezaiogun”.