Errenteriari behar duen aldaketa emateko taldea osatu dugu, esperientzia eta berritasuna uztartuta

Maite Peña: “40 urte beteko dira demokrazian udal ordezkariak aukeratzen ditugula eta geroztik Errenterian hegemoniko izan diren 2 alderdiek ez dute lortu Errenteriako ekonomia berpiztea”. “Errenteriak Gipuzkoako azken postuetatik atera eta etorkizunari ilusioz eta esperantzaz aurre egitea merezi du, baditugu gure herrian Errenteria sendo bat egiteko baliabideak ”
Errenteriari behar duen aldaketa emateko taldea osatu dugu, esperientzia eta berritasuna uztartuta
08 Apirila | ERRENTERIA

“EAJ-PNVk norabide fidagarria eta argia eskaintzen dio Gipuzkoako gizarteari; zerikusirik ez Estatuan dagoen nahasmenarekin eta EH Bilduren proposamen faltarekin”. Mezu hori zabaldu du EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagaiak, Markel Olanok, gaur eguerdian Errenteriara egindako bisitan, datorren maiatzeko udal hauteskundeetan Maite Peña lagunduko duten hautagaitzako kideen aurkezpenean, ondoan izan dituela Gipuzko Buru Batzarreko presidentea den Joseba Egibar eta Maite Peña Errenteriako EAJ-PNVren alkategaia. Olanok gaineratu du “proiektu sendoa dugula”, proposamen bat “Gipuzkoa indartsu” bat eraikitzen jarraitzeko, “ekonomia lehiakor” bat bultzatuta, “kalitatezko enplegua sortuko duena, gizarte kohesionatu batekin”.

Olanok gogorarazi du 2015ean, lurraldean “paralisia, gatazka eta inposizioa” zirela nagusi, alegia, EH Bilduren gobernuak zuen estiloaren ondorioa”. “Lau urte geroago, esan dezakegu gipuzkoarrei eman genien hitza bete dugula”, berretsi du, honako adibideak jarrita:  “hondakinen arazoari behin betiko irtenbidea eman diogu,  Pasaialdea biziberritzeko urrats sendoak eman ditugu, eta gizarte zerbitzuak indartu ditugu -plaza aurreikusita zegoena baino %6 plaza gehiago sortuta- edo estrategia tinko bat abiarazi dugu gizarte inklusioaren arloan, zeinari esker pobrezia eta bazterkeria arriskuan zeuden 2.000 pertsonak enplegu duina aurkitu duten”. “Hori guztia estilo berri bat martxan jarrita, gizartearekin elkarlanean eta elkarrizketan”, osatu du.  

Nolanahi ere, diputatu nagusiak dei egin du lanean jarraitzeko, “aurrerapen ekonomikoan inor atzean geratu ez dadin”. “Momentua da Gipuzkoa arlo sozial eta ekonomikoan sendotzen jarrraitzeko. Horretarako ari gara lanean, langabezia are gehiago gutxitzeko eta kolektibo batzuek bizi duten prekarietateari aurre egiteko, Elkar-EKIN planaren bitartez jardunda. Pertsona guztiek bizi proiektu duina izan dezaten, eta desberdinkeria gutxiago duen gizarte kohesionatu bat eraikitzeko”. Azaldu duenez, hori “anbizio handiko” erronka da, elkarlana eskatzen duena enpresekin, garapen agentziekin, elkarte-ehunarekin eta gainerako erakundeekin, baita ere Oarsoaldean”.

“Hori da, hain zuzen, Gipuzkoarako eskaintzen dugun norabidea, kontraste bizian Estatuan dagoen nahasmen eta mesfidantzarekin”, azpimarratu du Olanok, zeinaren ustez “desberdinkeria” den Vox-ekoek eta erabiltzen duten “zirrikitua beldurra eta gorrotoa zabaltzeko”. “Gipuzkoan eta Euskadin dugun agenda politikoan kohesio soziala lehen lerroan dago. Beraz, gure konpromisoa da eredu hori blindatzea”, aldarrikatu du Olanok.  

Maite Peñak, bestalde, gogorarazi du berriki 40 urte bete direla lehen udal hauteskundeak egin zirela demokrazian, Francoren diktadura eta gero. Eta Errenterian beti egon da alternantzia bat alkatetzan, ezker abertzalearen eta PSEren artean. Peñaren esanetan, bi alderdi horiek egindako kudeaketaren emaitza “bistan dago”. “Izan ere, hirugarren herria gara biztanleriaren tamainari dagokionez, baina azkenetakoak gara adierazle ekonomiko eta sozialetan. Adibidez, langabezia tasa Errenterian lurraldekoa baino ia hiru puntu altuagoa da. Eta hori kezkagarria da guretzat. Beraz, prest gaude egoera horri buelta emateko, eta Errenteria dagokion tokian jartzeko”.

Horren harira, hautagai jeltzaleak adierazi du “gure hautagaitza prest dagoela egoera horri buelta emateko”. “Prest gaude gure herria dagokion tokian jartzeko”. Gaineratu du horretarako Errenteriako EAJ-PNVren proiektuak bi ardatz dituela: “Batetik, ekonomia suspertzea; eta bestetik babes soziala sustatzea”. Dena den, ohartarazi du “bakarrik bi arlo horiek uztartuta lortuko dugula errenteriarren bizi kalitatea nabarmen hobetzea”. 

Ildo horretan, Peñak nabarmendu du lanari ekingo diotela errenteriarrek “aukera gehiago eta premia gutxiago” izan ditzaten, “inor atzean utzi gabe”. Eta gehitu du horretarako langabezia tasa hobetu behar dela, errenteriarren “bizi kalitatea” hobetzea dela hobetu ahal izateko. Eta horregatik diogu ekonomia suspertzea eta babes soziala txanpon beraren bi aldeak direla”.

Peñak erantsi du helburu hori lortze aldera, Errenteriarentzat “anbizio handiko” proiektu bat izateaz gain, “talde perfektua” dutela proiektua gauzatzeko. “EAJ-PNVn osatu dugun zerrendan eskarmentua eta berritasuna uztartzen dira, emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago direla, eta batez besteko adina 45 urtekoa dela” azaldu du. Eta zehaztu du taldean profil eta “prestakuntza anitza” duten pertsonak daudela, hala nola, “herriko kultur eragileak, osasunaren profesionalak, irakasleak, abokatuak, arkitektoak, ostalariak, ikasleak eta pentsiodunak”.

Horrekin lotuta, Peñak bere esker ona adierazi die zerrenda osatzen duten pertsonei: “Eman duten pausoa eskertzeaz aparte, esan nahi dut luxu bat dela beraiekin elkarlanean aritzea”. Eta amaitzeko, konbentzituta agertu da “udalerri bat elkarlanean eta elkarrekin eraikitzen dela, zeren bakarrik horrela lortuko dugu Errenteria erosoago, garbiago, biziago eta berdinzaleago bat, baita ere Errenteria seguruago bat. Eta prest gaude lanari gogor heltzeko, helburu hori lortu dezagun”.

Pausu bat aurrera

Bestalde, Joseba Egibarrek bere “esker ona” agertu du hautagaitza osatzen duten pertsonei, “herrigintzatik” aurrerapauso bat ematen dutelako, konpromiso politikoa hartuta beraien “herria hobetzeko”. Eta gaineratu du ez dela bakarrik ari EAJ-PNVren zerrenda kideen gainean, “alderdi politiko guztietako zerrendak osatzen dituzten pertsonez baizik”.

Dena den, argitu du “denok ez garela berdinak eta ez ditugula proiektu berberak”. Horren harira, Egibarrek azpimarratu du “konpromiso etikoa” ez dela iraganeko kontzeptu bat, “gaur egungoa” baizik. “EAJ-PNVren konpromisoa giza eskubideekin sendoa izan da, da, eta izango da; alegia, ez dago inolako zalantzarik”, gogorarazi du Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak; baita gaineratu ere guztiek ez zituztela giza eskubideak defendatu “momentu guztietan”. “Bakoitzak daki zer nolako jokabide politikoa izan duen giza eskubideak urratu izan direnean, Gipuzkoan eta Euskal Herrian”.

Era berean, Egibarrek esan du gizarte bat guztion artean eraikitzeak eskatzen duela bai “erabaki zuzenak” hartzea bai “proiektu politiko bideragarri bat” eraikitzea, “inor bazterrean utzi gabe, herri bat behetik gora eraikita, bailaraz bailara, eta erabakitzeko eskubidea edukita; aurrera ez egitea, atzeraka joatea da, gainera”. Amaitzeko, nabarmendu du Maite Peñak EAJ-PNVk dituen proiektuaren lau oinarriak irudikatzen dituela: abertzalea, konpromiso politikoa, etikoa eta demokratikoa. Hori guztia da Maite”.

PARTEKATU