Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Gipuzkoa aktibatzeko dei egin du gaur, euskal erakundeak eta autogobernua defendatu eta Madrildik datozen erasoei aurre egiteko. Ertzaintzaren polizia integral izaera ezbaian jartzea edota transferentziak geldiarazteko Lege Organikoak ez betetzeko eskakizunak kritikatu ditu hautagaia jeltzaleak. Bere ustetan, tamalgarria da “alderdi batzuk boto gutxi batzuk lortzeko ematen ari diren espektakulua”. “Honen aurrean, Gipuzkoak eta Euskadik aktibatu egin behar dute, gure erakundeak eta autogobernua defendatzeko. Herritarrek defentsa hori egin dezakeen aukera politikorik onena aukeratu behar dute eta, hemen eta han, EAJ-PNVk erakutsi du aukerarik fidagarri eta eraginkorrena dela”, nabarmendu du.
Olanok gaur goizean Legorretan egin ditu adierazpen hauek, herri honetako EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpenean. Aitziber Meabe da alkategaia, eta ekitaldian egon dira haibat alderdikide eta jarraitzaile jeltzale, tartean Goierri eta Tolosaldea eskualdeetako alkategaiak. Olanok, bere hitzaldian, zerrenda osatzen duten pertsonak eman duten “aurrerapausoa” txalotu du, “konpromiso handia erakutsi baituzue herri honekin”.
Gainera, Foru Aldundian egin duen legealdiari ere eman dio errepasoa. Honela, gogoratu duenez, 2015ean foru erakundera iritsi zirenean “paralizatuta eta eztabaida antzuetan katigatuta zegoen” Gipuzkoa aurkitu zuten, eta herritarrengandik deskonektatuta zegoen Aldundia. “Egoera hau iraultzea da, hain zuzen, legealdi honetako gure lorpenik nagusiena: kudeaketa onaren bitartez egin dugu, EAJ-PNVren nortasun ikur dena; eta politika egiteko modu baten alde apustu eginez ere egin dugu, irekiagoa eta elkarlanaren alde egiten duen eredua. Honi esker lortu dugu aurretik geneukan krispazio giroa eta etengabeko liskarra atzean uztea, eta Aldundia eta Gipuzkoako gizartearen arteko hurbilketa ere eman da. Emandako hitza bete dugu”, adierazi du.
Diputatu nagusia izateko hautagaiak gehitu duenez, herri txikiek “protagonismo berezia” izan dute legealdi osoan zehar. “Gaur egun Gipuzkoa indartsuagoa eta orekatuagoa bada, herri txikien alde egin dugun apustu politikoagatik da”, esan du. Honela, nabarmendu du foru gobernuak “hitza bete duela” herri txikiei dagokionean ere, baieztapen hau hainbat adibiderekin indartuz: banda ultra azkarra 2.000 baserritara eramateko martxan jarritako programa, landa inguruneko elektrifikazioa modernizatzeko inbertsioak edota lurraldeko baserri-bideak berritzeko egin den ahalegina. “Lurralde oreka, landa ingurune eta herri indartsuak edukitzea Gipuzkoa indartzea da”, laburbildu du.
Etorkizuna duen Legorreta
Legorretako alkate izateko hautagai den Aitziber Meabek, bere aldetik, esan du herria gaur egun “blokeo” eta “atasko” egoeran dagoela, “etorkizuneko proiekturik gabe”. Hautagai jeltzalearen esanetan, udalerriak duen festa eta kultura bizi aberatsarekin ari dira estaltzen egoera hau. “Gure hautagaitzak Legorretaren etorkizunera proiektua mahai gaineratu nahi du. Legorretarrekin egin nahi dugu, beraiekin kontrastatuko baititugu gure ideiak eta, ondoren, inguruko erakundeekin elkarlanean, gauzatu”, aldeztu du.
Alderdi jeltzaleak herri honetako udalean izan duen ibilbidean ere jarri du azpimarra Meabek, gogoratuz egindako lanak argi utzi duela EAJ-PNVk duen proiektuak aurrera eramateko kudeaketarako gaitasuna eta jarrera. “Aurten 40 urte betetzen dira lehen hauteskunde demokratikoak egin zirenetik eta EAJ-PNV hor egon da beti, lehen unetik, legorretarren alde lan egiten”, adierazi du. Puntu honetan, “bihotzez” eskertu du urteetan zehar udalean lan egin duten alderdikideek egindakoa, eta “gure aurrekoek ireki zuten bidetik jarraitzeko” asmoa agertu du.
Gainera, gogoratu du gaur egun EAJ-PNV agintean dela bai Foru Aldundian zein Eusko Jaurlaritzan eta, hau honela izanda, “aukerarik onena” dela baita ere Legorretarentzako. “Legorreta sendoa nahi dugu, etorkizuna duena, eta behar duen bultzada hori ematera goaz”, esan du. Maiatzaren 26ko hauteskundeei begira, Meabek azaldu du ordezkatzen duen alderdik “lan talde serioa” aurkezten duela, esperientzia, talentua eta batez ere “herriaren alde lan egiteko ilusioa” uztartzen dituena. Honela, eskerrak eman dizkie Garbiñe, Ainara, Izaskun, Patrizia, Joxe, Ana, Joxe Mari eta Jesusi, “Legorretak aurrera egiteko prest dagoen” hauteskunde zerrendaren parte izateagatik.