“Gaur egun Gipuzkoa indartsuagoa eta orekatuagoa da herri txikien alde egin dugun apustu politikoagatik”

Landa eremuko “bizitza eta ekonomia etengabe sustatzen” jarraitzeko premiaz ohartarazi du Markel Olanok, Ataungo hautagai Xabier Barandiaranen aurkezpenean
05 Apirila | GBB

“Inork imajinatzen al du Gipuzkoa herri txikirik gabe eta herri bizitza aberats hori gabe?”, galde egin du gaur diputatu nagusi izateko EAJ-PNVko hautagaiak, Ataungo alkategai Xabier Barandiaran aurkezteko gaur arratsaldean egindako ekitaldian. “Dinamismo eta bizitza” hori mantentzeko, baina, “etengabeko lana” beharrezkoa dela gogorarazi du, herrigune hauetako “bizitza, ongizatea, zerbitzuak eta ekonomia” sustatuz. “Gaur egun Gipuzkoa indartsuagoa eta orekatuagoa bada, herri txikien alde egin dugun apustu politikoagatik da”, adierazi du.

Markel Olanoren eta GBBko lehendakaria Joseba Egibarreren partaidetzarekin, Ataungo hautagaitzaren oinarriak aurkeztu ditu gaur EAJ-PNVk. Azken aldiz Udal Hauteskundeetarako zerrenda 1991an aurkeztu bazuen ere, oraingo honetan alkatetzarako hautagaitza aurkeztea erabaki dute eta Xabier Barandiaran soziologo eta unibertsitate irakasle ataundarra izango da alkategaia. Herriko bizitza publikoan duten partaidetzari bultzada berri bat eman nahi diote horrela EAJ-PNVko alderdikideek.

“Badirudi Estatuko alderdiak orain konturatu direla landa ingurunea erabat hustutzen ari dela Espainiako hainbat lekutan eta zer nolako eragina duen horrek gizarte batean. Hemen, Euskadin eta Gipuzkoan, argi izan dugu azken hamarkadetan herri txikietako eta landa inguruneko bizitza, zerbitzuak eta garapena bultzatu behar genituela. Batez ere eremu hauetako herritarren ongizateagatik, baina baita ere herri txikiak eta landa inguruneak paper izugarria betetzen dutelako gizartearen, ekonomiaren, hizkuntzaren eta ingurumenaren alorrean”, alderatu du egungo diputatu nagusiak.

Hala ere, Olanok gogorarazi du gure lurraldean ere badirela “arriskuak” eta beraz “etengabe lan” egin behar dela “lo leku soil” ez bihurtzeko edo “biztanlegoaren galera eta zahartzea” ekiditeko. “Herri txikiak Gipuzkoako ikur dira” eta hala izaten segi dezan behar dute “kudeaketa serioa eta eraginkorra” eta herriaren alde “mugitzea, ez geldi egotea”, bere iritziz. “Hori da EAJ-PNVk herri txikiei eskaintzen diena eta ez zait Xabier Barandiaran baino pertsona egokiagorik okurritzen ardura horretarako”, goraipatu du Olanok.

Amaitzeko, azken legealdian gidatu duen Foru Aldundiak herri txiki eta landa ingurunearekin “hitza bete” duela berretsi du diputatu nagusi izateko hautagaiak. Horren lekuko, banda ultra azkarra 2.000 baserritara eramateko martxan jarritako programa, landa inguruneko elektrifikazioa modernizatzeko inbertsioak eta lurraldeko baserri-bideak berritzeko ahalegina.

“Elkarlanean Gipuzkoa sendoa eraikitzen jarraitzeko unea da. Horrek eskatzen du etorkizunera begira ekonomia lehiakorra eta gizarte kohesioa sustatzea, baita herri txikietan ere. Lurralde oreka, landa ingurune eta herri indartsuak edukitzea Gipuzkoa indartzea da”, laburbildu du.

“Guztion etxea eraikitzea”

EAJ-PNVko kideek ezaugarri duten “herrigintzarako konpromisoa eta grina” aldarrikatu du Joseba Egibarrek eta, Xabier Barandiaran eta gainontzeko zerrendakideak bezala, jarduera publikoan aritzeko ematen dutenen jarrera eskertu. “Herrigintza guztion etxea eraikitzea delako, azken batean”, osatu du.

Egibarren esanetan, momentu honetan herriari “lidergoa” eskaintzeko garaia da, “etorkizunera begira dugun proiektua” azaldu eta gidatzeko unea da, herri, lurralde eta nazio mailan. Horretarako biderik egokiena “behetik gorakoa” da eta, hortaz gain, GBBko lehendakariak azpimarratu du EAJ-PNVren proiektuak “lau zutabe nagusi” dituela: “abertzaletasuna, konpromiso politikoa, demokratikoa eta etikoa”.

Elkarrizketa eta akordioak defenditu ditu Egibarrek, baita ere, herriari “ibilbide politiko gauzagarria” proposatu behar baitzaio, eszena politikoan “itxurakeria nagusi” den garai hauetan. “Horregatik berebiziko garrantzia du EAJ-PNVk hemen eta han, Euskal Herrian eta Madrilen, gure proiektua defendatzea, Estatuarekin harreman berri bat bilatzeko, naziogintzarako estrategia indartsu bat oinarri hartuta”, osatu du.

Ataun “biziberritu eta indartu”

Bertan izan diren hainbat alderdikideren aurrean, Xabier Barandiaran alkategaiak “bi konpromiso nagusi” hartu ditu ataundarrekin: Ataun “biziberritu eta indartzeko” lana “gogotik” egitea, batetik, eta helburu hori lortzeko “lankidetza bultzatzea”, bestetik, ataundarren arteko “elkarbizitza” sendotzeko formula gisa.

Barandiaranek bere hautagaitzaren bi oinarriak xehetu nahi izan ditu bere aurkezpean. “Ataunek aldaketa bat behar du”, adierazi du, “herriko bizitzan, azpiegitura eta zerbitzuetan, eta udalgintzan”. Hori dela eta Ataun “biziberritu, indartu, modernizatu eta etorkizunerako prest” jartzeko proposamenak dagoeneko mamitzen ari dela aurreratu du. 

Horrez gain, gogoratu du, EAJ-PNVk Ataungo herrian izan duen “historia luze osoan” egin bezala, ataundarron arteko “elkarbizitza eta elkarlana” bultzatuko dituela bere Udaleko jardunean.

PARTEKATU