Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako presidenteorde Andoni Ortuzarrek gaur arratsaldean hitz egingo du (bertoko ordua) Amerikako Erakunde Demokrata Kristauak (ODCA) San Josén (Costa Rica) egingo duen Kongresuan. EAJ-PNVko buruak iragan maiatzaren 26an egin ziren Europako Hauteskundeen emaitzaren balorazioa eskainiko du eta azken aldi honetan bizi izandako ziklo elektoral intentsuak Espainiako estatuan utzi duen egoera politiko berriaren nondik norakoak azalduko ditu. Ortuzar Costa Ricara bidaiatu da Mikel Burzako EBBko kanpo ekintza eta nazioarte gaietarako burukidearekin. Kongresuan parte hartu ondoren, burukide biek larunbatean hasiko dute Euskadira itzultzeko bidaia. Igandean iritsiko dira eta astelehenean izango dira Euzkadi Buru Batzarrak astelehenero egin ohi duen bileran .
Ortuzarrek atzoko eguna aprobetxatu zuen, Costa Ricara egin duen bidaia ofizialaren lehena, Konrad Adenauer Fundazioak “Populismoaren amaierarako bidean: Latinoamerikako erronkak” izenburupean antolatu zuen mintegira joan ziren eragile politikoekin batzartzeko eta beraiekin irizpideak partekatzeko. Jeltzaleen buruak besteak beste hitz egin zuen Fuad Chahín Txileko Alderdi Demokrata Kristauko presidentearekin. EAJ-PNVk harreman estuak ditu alderdi honekin. Era berean batzartu zen Julio Borgesekin, Limako Taldearen aurrean Juan Guaidó Venezuelako behin-behineko presidentearen enbaxadorearekin, eta Mexikoko Pardido Acción Nacional (PAN) alderdiko ordezkariekin.
Atzoko mintegian aztertu ziren Latinoamerikako alderdi politikoek gaur egun dituzten erronka nagusiak, non gizartean areagotzen ari den desberdintasun egoerak eskuineko zein ezkerreko mugimendu populistak inguru horretako hainbat herrialdetan boterera eraman dituen. ODCA erakundea osatzen duten alderdiek adostu zuten birkokatzeko ahalegina egin beharra dagoela eta printzipio humanistei eutsi beharra dagoela, pertsonak jardun politikoaren helburutzat hartuz. Egunean zehar erregio horretan kezka handia eragiten duten gaiak aztertu ziren, besteak beste migrazioak, bereziki Venezuelan eta Nikaraguan erregistratu direnak, esparru sozio-ekonomikoan eragin handia izaten ari direnak eta era berean herrialde hartzaile direnetan tentsio politiko handiak sortzen ari direnak. Era berean aztertu zen klima aldaketarekin planteatzen den erronka erraldoia. Latinoamerika da mundu mailan biodibertsitaterik handiena duen erregioetako bat eta beraz, munduko tenperaturak gora egiteak eraginik handiena jasan lezakeena.